Peña Historikoek jaurtiko dute Laudioko txupina

Erredakzioa 2023ko uzt. 27a, 11:40

Laudioko Sanrokeen egitarauaren berri eman dute gaur. Argazkia: LAUDIOKO UDALA

Aurtengo pregoia abuztuaren 14an izango da, eta Andaluziako, Gaztela eta Leongo, Extremadurako eta Galiziako zentroek irakurriko dute.

Bi aste baino ez dira falta jai giroak Laudioko kaleak hartzeko eta abuztuaren 15etik 17ra, eta 23tik 27ra bitartean, ospatuko diren Sanroketan murgiltzeko. Zortzi egunetan zehar, laudioarrek zein bisitariek egitarau "libre, doakoa eta gustu eta adin guztietarako bizi ahal izango dute". Aurtengo programak "udalerrian gozamena bermatzea baitu helburu", azpimarratu du Sonia Respaldiza jaietako zinegotziak.

Aurtengo pregoia abuztuaren 14an izango da, eta Andaluziako Etxeak eta Gaztela eta Leongo, Extremadurako eta Galiziako zentroek irakurriko dute: "50 urte daramatzate komunitate horietatik iritsitako bizilagunak hartzen eta haien kultura, ohiturak eta tradizioak mundu osora hurbiltzen. Gure herrian egindako lan altruistagatik egindako omenaldia da".

Txupina, berriz, hurrengo egunean piztuko dute Peña Historikoek, garai batean izan ziren kuadrillak biltzen dituen kolektiboa, urte haietako giroa eta ilusioa berreskuratzeko.

Gustu eta adin guztietarako erritmoak

Musikak, ezinbestekoa edozein jai-programazioan, herriko kaleak gustu eta adin guztietarako erritmoekin beteko ditu abuztuaren 15etik 17ra eta 23tik 27ra. Hala, musika emanaldien artean, hauek nabarmentzen dira: El Consorcio eta King África (abuztuak 15), Gatibu (abuztuak 16), ETS, Los 5 bilbainos eta La Basu (abuztuak 17), Mojinos Escozíos eta Golden Apple Quartet (abuztuak 23), mariachis Los Tenampas eta Ptazeta (abuztuak 24), Sorotan Bele San Roque Musika Taldearekin eta Rosario Flores (abuztuak 25), La Misión Orkestra eta Hika Dantza Taldea (abuztuak 26), eta Puro Relajo (abuztuak 27).

Bertsoek bere lekua izango dute ere, 24ean, Beatriz Elgezabal artistak zuzenduko duen clown bertso saioarekin. Musika proposamen guztiak doakoak izango dira eta herriko hiru agertokitan izango dira: Herriko Plazan, Alberto Aceron eta Hiru Gurutze aparkalekuan.

Txiki eta nagusientzako ekintzak

Aurten jaietan, txikiek eta nagusiek haur parkeez, fandango eta arin-arin lehiaketa klasikoez, musika onenaz eta kale antzerkiaz gozatu ahal izango dute, baita Don Terencio eta Doña Tomasa erraldoiekin dantzatu ere. Txikienentzat, abuztuaren 16an, Go! azen karaokea iritsiko da telesaileko aktoreekin, Malen Azpirotzekin (Iraia), Joanes Etxebesterekin (Ibai) eta Julen Castillorekin (Koldo). Eta ez hori bakarrik, Xaibor ere Laudion izango da abuztuaren 26an, bere musika eta erritmo berriak haurrei aurkezteko.

Jai giroa herriko txistu, trikitixa, dultzainero eta abarrekin ziurtatuta egongo da, haiek baitira "Laudio egiten dutenak", nabarmendu du Respaldizak.

Odolkien usaina

Jarduera herrikoiek ere protagonismo berezia izango dute jaietan. 25ean Baserritarraren Eguna ospatuko da, eta hurrengo egunean, odolki ospetsuek beren usaina zabalduko dute Laudioko kaleetan. Herri kirolak, espezialitate ezberdinetako lehiaketa gastronomikoak eta txapelketa tradizionalak ere ez dira faltako. Kuadrillek ere hainbat ekintza antolatuko dituzte, gainera aurten zazpi kuadrilla berri gehitu dira.

"Herritar guztiak, baita bisitatzen gaituztenak ere, gure jaiak bizitzera eta gozatzera hurbiltzea espero dugu, gure jaiak inklusiboak, irisgarriak, berdintasunezkoak, parte-hartzaileak eta, batez ere, errespetuzkoak eta toleranteak direlako nabarmentzen baitira", goraipatu du Ainize Gastaka alkateak.

Latiorroko Karts lasterketa

2023 honetan ere Sanrokeak nobedade garrantzitsuekin datoz, aurten Latiorro auzoak, lehen aldiz, kirol ekitaldi berezi bat hartuko baitu, Laudioko San Roke Open Trofeoa Karts lasterketa. Abuztuaren 19an egingo den kirol jarduerak Albert Costa, Jaime Alguersuari, Dani Clos, Aleix Alcaraz, Nil Montserrat eta Jon Lainz pilotu laudioarra hurbilduko ditu, besteak beste. Ekitaldia 16:00etan hasiko da Club Porscheren erakustaldi batekin, eta lasterketa 19:20ean iritsiko da.

Beldur barik karpa

Jaiak edozein motatako indarkeriarik gabeko guneak izan daitezen, Beldur Barik taldeak karpa bat jarriko du Batzalarrin kalean hilaren 15ean, 10:30-13:30 ordutegian, eta 24 eta 26an, 19:00etatik 22:00etara. Udalerriko LGTBI+fobiaren erradiografia lortzeko asmoz, hilaren 23an Ikusgune karpa jarriko da Batzalarrinen. Gunea herritarren eskura egongo da 19:00etatik 22:00etara.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago