Musika programazioa larunbatean, hilaren 12, hasiko da, 22:00etan, herriko Cuatro Bancos taldearen eskutik, eta ondoren Su Ta Gar rock talde eibartarra iritsiko da. Bertaratzen diren guztien gozamenerako, 60., 70. eta 80. hamarkadetako abestiak, ye-ye, pop eta rock musika biltzen dituen show elebiduna eskainiko duen Disko Sound eta bere Remember 2023 ikuskizunarekin luzatuko da larunbat gaua.
Jamaica Show Orkestrak girotuko du jaien bigarren gaua, hilaren 13an, 22:30etik aurrera. Hurrengo egunean, astelehenean, hilaren 14an, herriko Gwaya taldeak hartuko du lekukoa 22:00etan, eta Gozategik 00:00etan. Egun horretan ere, DJ saioa izango da 02:00etatik aurrera, jaiak alaituko dituen DJ Blessiveren eskutik; Bilboko DJa genero urbano eta komertzialean aritzen da.
Asteartean, hilaren 15ean, inor hotz utziko ez duen Kai Nakai artista gasteiztarra iritsiko da, 21:00etatik aurrera, euskal kultura eta musika urbanoa uztartuz. Gauean, 23:00etatik aurrera, Oxabi erromeriaren erritmoa nagusituko da; ziur asko Euskal Herriko erromeria ezagunena da gaur egun.
Asteazkenean, abuztuaren 16an, nazioarteko soinuek beteko dute Amurrio, Rumbo Tijuana taldearen emanaldiarekin. Talde mexikarra zazpi artistaz osatuta dago, eta Mexikoko korrido mitikoen bertsioak egiten ditu, baita korrido bihurtutako 80. eta 90. hamarkadetako pop rock espainiarraren historiako abesti ezagunenak ere. Jaietako beste plater nagusietako bat hamabost urtez Euskal Herriko herri batetik bestera mugitu den Akerbeltz taldearen erromeria izango da, 23:00etatik aurrera. Azkenik, 02:00etatik aurrera DJ Markelinik girotuko du festa.
Amurrioko jaien amaiera ekitaldia Patxi Perezen emanaldiaren eskutik etorriko da hilaren 17an, ostegunean, 21:00etan.
Amurrioko jai herrikoiak
Udalak antolatutako eskaintza musikal nagusiaz gain, Amurrioko Jai Herrikoien aldeko Batzordeak egitarau propioa aurkeztu du aurten ere. Amurrioko Gazte Asanblada, Amurrio Harro, Amurrioko Koadrilak, Ernai, Ikama, Mendiko Lagunak, Otsemeak eta Etxera mugimenduaren txosnagunearen egitaraua abuztuaren 11n, ostiralean, hasiko da, eta askotariko jarduerak, kontzertuak eta pintxadak eskainiko ditu:
ALEAn zure herri edo auzoko jaien berri eman nahi duzu? Bidali informazioa eta egitaraua erredakzioa@alea.eus eta agenda@alea.eus helbide elektronikoetara edo Whatsappetik 645 66 86 02 telefono zenbakira.