Bizikleten historia xumea

Juanma Gallego 2023ko uzt. 1a, 12:00

Pieza ugari biltzen ditu museoak, eta bereziki eskualdeko txirrindularitzaren historia jasotzen du. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Txirrindularitzari eskainitako museo bakarrenetakoa da Amurrioko Refor eraikinean dagoena. Alfredo Cerrillo zaletuaren ekimenez sortu zen azken hamarkadatako historia biltzen duen museoa.

Inguru zabal batean parekorik ez duen museoa dago Amurrion: Txirrindularitzaren Museoa. Kirol horrekiko zaletasuna duen oro pozik ibiliko da metro koadro gutxi batzuetan pilatutako oroigarri, informazio eta objektuen artean. Beste askotan bezala, zaletu baten bildumatik abiatu zen hau guztia. Zehazki, Alfredo Cerrilloren ekimenez jaiotako museoa da. "80 urte ditudan arren, oraindik ez naiz bizikletatik jaitsi. Orain elektrikoan joaten naiz, hori bai, adinaren pisua hor dagoelako", adierazi du Cerrillok. Mundu osoan zehar bi gurpilen gainean ibilitakoa, "bizikletaren gainean hilko" dela dio.

2017tik museoa Refor eraikinean kokatuta dago, baina aurretik Atxa destilategiaren lokal batean egon zen. Alabaina, gune itxia zen hori, eta museoa bisitatzeko aldez aurretik hartu behar zen hitzordua. "Orain, Reforren egonda, askoz errazagoa da, astean zehar egun osoan zehar irekita dagoelako". 

"MUSEOA BISITATZEN DUTENAK POZIK ATERATZEN DIRA. HALA ESATEN DIDATE NIRI". 
ALFREDO CERRILLO

Museoaren ideia bera Atxa destilategian jaio zen. "Bertako gerente gazte bati otu zitzaion likorearen museoa egitea. Horren inauguraziora [Juan Jose] Ibarretxe lehendakaria joan zen, eta bertan komentatu nion Amurrioko Txirrindulari Elkartean pilatuta nuen material andanarekin museo bat egiteko aukera", gogora ekarri du zaletuak. "Ideia gustatu zitzaion, eta zin egin zidan museoa egitekotan inauguraziora joango zela". Hitza bete zuen lehendakariak, eta hortxe egon zen 2007ko egun horretako inaugurazio ekitaldian, beste zenbait agintari eta gonbidaturekin batera. Museoak Atxa destilategian eman zituen hasierako hamar urteak, baina, ondoren, gaur egungo kokapenera eraman zuten.

Askotariko materialak

Klubean 40 urtez ibili ondoren, material andana pilatu du Cerrillok. "Batez ere, eskualdeko eta gertuko txirrindularien materiala da, eskualde honetan zaletasun asko dagoelako". Besteak beste, hainbat bizikleta historiko bilduta daude museoan: "Ia ehun urte dituen bizikleta bat dugu, Federico Ezkerra lehen euskal txirrindulari garrantzitsuak erabili izan zituenen antzekoa", azaldu du. "Beste batzuk modernoagoak dira. Adibidez, Marino Lejarretaren bizikleta bat dago, eta baita KAS taldeko Txomin Perurenaren beste bizikleta bat ere". Abiapuntua hori izanik ere —Bizikletaren Museo gisa ere ezaguna da tokia—, denetatik dute bertan: argazki asko, datuak, trofeoak, maillotak edo kirol horri lotutako beste hainbat objektu ere. Besteak beste, bi maleta daude, eta horien arteko desberdintasunek agerian uzten dute nola aldatu den ekipamendua ere. "Lehena Karpy taldearena da, Jesus Isasi txirrindulariarena. Bigarrena, KAS taldearena, askoz handiagoa eta modernagoa da". Cerrillok berak azaldutakoaren arabera, Atxa destilategiak martxan jarri zuen talde profesionala izan zen Karpy, eta, bost urtez baino ez bazen aritu ere, oso garrantzitsua izan zen. 

Cerrillori omenaldi bat egin zioten Amurrion, haren ibilbidea aitortzeko. Argazkia: ALFREDO CERRILLO

MUSEOAN MATERIALAK BILTZEAZ GAIN, KLUBAREN HISTORIARI BURUZKO LIBURUA IDATZI DU CERRILLOK

Ez da ekipamenduan ikusten den alde bakarra. "Maillotak hasieran artilezkoak ziren, eta euriarekin bustitzen zirenean, pisutsuak bilakatzen ziren. Ez dago konparatzerik gaur egun erabiltzen diren materialekin, oso arinak, transpiragarriak eta oso azkar lehortzen direnak".

Hau guztia biltzea ez zen erraza izan. "Museoa muntatzen zortzi hilabetez ibili nintzen, eta, batzuetan, goizeko bostak iristen ziren etxeko txokoan argazkiak muntatzen eta datuak biltzen nituen bitartean". 

Museoa eraiki ez ezik, horri lotuta jarraitzen du Cerrillok. "Nik neuk garbitzen dut noizean behin. Beldur naiz kanpoko norbait etorri eta zerbait apurtuko ote duen". Horrenbeste gauza izanda, materialak nahiko pilatuta daude, baina museoa bisitatzen duen jendea pozik ateratzen dela azaldu du zaletuak. "Hori esaten didate bisita bukatzean. Baliteke hori azaltzea nirekin adeitsuak izateagatik, baina nik behintzat pozik ikusten ditut". Duela gutxi izan zuen sentsazio hori azkenen aldiz, Artziniegan txirrindularitza zaharrari eskainitako lasterketa bat egon zen jendea museora ere hurbildu zelako. "Museo xumea izanda ere, oso polita izaten da kirol hau gustuko dutenentzat".

2007an inauguratu zenean, Atxa destilategiaren lokal batean egon zen museoa, baina 2017an Reforrera eraman zuten. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Museoan bertan ikus daiteke Cerrillok txirrindularitzari egin dion beste ekarpen garrantzitsu bat: duela urte pare bat Amurrioko Txirrindulari Elkartearen historia biltzen duen liburua idatzi zuen ere. "Hasierako uneak jasotzen dira, gaurdaino. Hau guztiaren abiapuntua taxi gidari bat izan zen, bizikleta gustuko zuten guztiak lasterketetara eramaten hasi zena. Pixkanaka babesletzak bilatu zituen, eta kluba gorpuzten hasi zen", azaldu du. "Handik hasita, 50 urte pasa dira, eta lan asko egin dugu klubean". Ibilbide horretan jazotako anekdota eta bitxikeriak jaso ditu Cerrillok. "Ea, horrenbeste gauza sartu ditut ezen azkenean liburuak bi kilo pisatzen baitu! Totxo ederra atera da kar kar!". Museoaren kasuan bezala, ahalegin handia izan arren, gutxienez informazio hori galdu ez dadin baliogarria izango dela espero du Cerrillok. 

Frantziako Tourra ate joka den honetan, zaletuak aitortu du "pixka bat etsita" dagoela gaiarekin. "Hau guztia politikariek beren buruak hedabideetan ateratzeko kontua dela iruditzen zait, baina herrietako txirrindularitza ere babestu behar da, oso zaila izaten delako halako ekimenak aurrera eramatea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago