Duela aste batzuk, Auzitegi Gorenaren epaiaren zain dagoen Galder Barbado gazte amurrioarrak Guardia Zibilaren jazarpena salatu zuen, besteak beste telefono ezezagunen deiak eta kolaborazio eskaerak jasan ostean.
Gainera, jazarpen hori bere inguru hurbilera zabaldu da. Izan ere, astelehen honetan, Sarai Goitia gazte lekeitiarrak salaketa bat jarri du Bilboko Gau eta Eguneko Epaitegian, Barbadorekin lotutako dei anonimoak jaso dituelako. Ohartarazi dutenez, Goitiak ez ezik badira antzeko jazarpena jasan duten beste kide batzuk ere.
Gazte lekeitiarra Sortuko militantea da gaur egun, eta bere militantzia politikoarekin lotu ditu gertakariak. Erakunde abertzalearen zein Barbado beraren babesa jaso du epaitegien atarian. Bere abokatu Oscar Sanchezek Aiaraldea Gaur hedabidean azaldu duenez, gutxienez hiru dei jaso ditu Goitiak; deiak egin dituztenek ez dute beren burua aurkeztu, eta zuzenean gazte amurrioarra berarekin ote zegoen galdetu diote. Abokatuak azaldu du deiak egin dituzten zenbakiak salaketan jaso dituztela, dagokien ikerketa egin dezaten.
Horrez gain, inguruan ezezagunen presentzia sumatu du, eta errotuladore batekin "Hola" hitza margotu diote bere autoan.
"Argi dago haien helburua militante politikoak urduri jartzea dela, bereziki Galder eta Aitorren ingurua. Gure hautua: antolakuntza eta borroka"
— ANkerkeriariStop (@ANkerkeriaSTOP) June 6, 2022
Aitor, Galder edo Sarairekin ikusi bezala, euskal gazteriaren aurkako ankerkeria honek ez du mugarik.
✊ Eutsi gogor, Sarai! pic.twitter.com/WGygpoPEC5
Oin aste batzuk "Harley" Galderregaz, atzan astiotan "Kenner" neuaz.
— Sarai Goitia (@saraigoit) June 6, 2022
Zuena gerra zikiña.
Guria MAITXASUNA, KONPROMIXUA, ANTOLAKUNTZIA TA BURRUKIA!
Ez gaitxuzue geratuko, sekula. Ke os jodan!#FckHARLEY#FckKENNER pic.twitter.com/mUt1Dv4rRb