Galder Barbadok Guardia Zibilaren jazarpena eta kolaborazio eskaerak salatu ditu

Erredakzioa 2022ko mai. 20a, 12:23

Barbado, Haimar Altuna eta bere abokatu Ainize Gastaka abokatuarekin. / Argazkia: SORTU

Auzitegi Gorenaren epaiaren zain dagoen gazte amurrioarrak salatu du azken hilabeteetan Guardia Zibilaren jazarpena, telefono ezezagunen deiak eta kolaborazio eskaerak jasan dituela. Hamalau urte daramatza antzeko gertaerak pairatzen.

Gaur goizean Sorturen Donostiako egoitzan egindako agerraldi batean, Galder Barbado gazte amurrioarrak publikoki jakitera eman du azken hilabeteetan bizi izandakoa. Gaur egun, Aitor Zelaia gasteiztarrarekin batera, lau urteko espetxe zigorra baieztatu dezakeen Auzitegi Gorenaren berehalako epaiaren zain dago Barbado, material lehergaiak gordetzea egotzita.

Joan den apirilean, kotxean zihoazela, Guardia Zibilak bera eta beste lau lagun gelditu zituen errepide kontrol batean. Gazteak azaldu duenez, euripean ordu eta erdi baino gehiago izan zituzten. Ondoren, kamuflatutako bi kotxe agertu ziren, eta kaputxadun poliziak ziren; horietako batek, aurpegia begi-bistan zuela eta bere burua Harley gisa aurkeztu zuela, Poliziarekin kolaboratzeko eskaintza egin zion gazteari.

"Nire egoera zein zen bazekiela, ezagutzen ninduela, eta bazekiela zein izan den nire rola gazte mugimenduan", azaldu du Barbadok. Horren ostean, "gauzak kontatzen bazizkion" epaiketarekin lagunduko ziola ziurtatu zion ustezko Harleyk, Bilbon kafe bat hartzera gonbidatuz. Galderrek, ordea, uko egin zion eskaintzari. "Esan zidan lasai egoteko, bazekiela non bizi nintzen eta non topatu ahal ninduen, eta bi asteren buruan nirekin kontaktatuko zuela", azaldu du gazteak.

Telefono deiak eta jarraipenak

Eta hala izan zen: duela bi aste, zenbaki ezezagun batetik telefono dei bat jaso zuen: "Harley naiz, zer moduz zaude?", esan zion telefonoz bestaldeko ahotsak. Barbadok deia moztu zuen, baina Harleyk SMS bat bidali zion: "Galder, Harley naiz, ez dakit ongi harrapatzen zaitudan. Bakarrik da galdetzeko zer moduz joan zen asteburua; ongi espero dut. Eta zurekin hitz egin nahiko nukeela modu pribatuan eta inolako konpromisorik gabe, zure interesekoa izan litekeen proposamen bat egiteko. Eskerrik asko".

Horren ostean, astelehen honetan bertan, Barbadok kotxea hartu zuen etxera joateko, eta antzeman zuen pertsona bat atzetik jarraika zuela. Amurrioarra pertsona horrengana hurbildu zen, "herritik alde egiteko eta bakean uzteko" eskatzeko. "Berak barre egin zuen, eta geldirik geratu zen denbora luzez, ni joan nintzen arte", salatu du.

Hamalau urteko jazarpena

Bere aldetik, Haimar Altuna Sortuko gatazkaren ondorioen konponbiderako arduradunak salatu du "Espainiako Estatuko aparatuek demokratizatu gabe" jarraitzen dutela, eta pertsona guztien eskubide politiko eta zibilak errespetatzeko exijitu dio Espainiako Gobernuari.

Izan ere, Barbadok salatutakoa ez da isolatutako kasu bat. Alde batetik, bere lagun batzuek ere hainbat dei jaso dituzte telefono ezezagunetatik, eta, Sortuk agerraldian ohartarazi duenez, antzeko kasuak biderkatzen ari dira azken aldian. Bestalde, ez da lehen aldia amurrioarrak jazarpena edota kolaborazio eskaerak jasaten dituela.

Barbadok berak azken urteetan salatu duenez, 2008an, 18 urte zituela, Guardia Zibilak mendira eraman zuen legez kanpoko galdeketa bat egiteko, eta bertan kolpatu zuten. Urtebete geroago, Ertzaintzako hainbat agentek Barbado geldiarazi zuten, ile-xerlo bat kendu eta hatza ahoan sartzeko, bere DNA ateratzeko asmoz. Bi urte geroago, 2011n, bere ibilgailuko sarrailak silikonaz bete zizkioten, eta kristalean "Jódete" hitza idatzi zioten.

2016an, Guardia Zibilak Galder atxilotu zuen; "terrorismoa goratzea" leporatzen ziotela esan zioten, baina handik ordu gutxi batzuetara askatu zuten.

2019an, polizia ohi batek tiro egin zuen Galderren bikotekidearen etxebizitzaren aurka; erasotzaileak etxean beste 30 arma zituen arren, aske geratu zen. Hilabete beranduago, Barbado berriro atxilotu zuten, eta sei hilabete espetxeratu zuten, gaur egun behin betiko epaiaren zain dagoen akusaziopean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago