Laudiok udal hiltegiaren itxiera berretsi du

Erredakzioa 2021ko urr. 22a, 10:00

Laudioko hiltegia uztailean itxi zuten, irregulartasunak zirela eta. / Argazkia: AIARALDEA.eus

Azpiegituraren egungo baldintzekin bideraezina dela argudiatuta, udal hiltegia mugarik gabe itxita mantentzea erabaki du Laudioko Udalak.

Ostegun honetan egindako prentsaurrekoan, Laudioko alkate Ander Añibarrok jakitera eman du udal hiltegia mugarik gabe itxita mantentzeko erabakia. Gaur egungo baldintzetan, azpiegitura bideraezina eta zaharkitua dela deritzo Udalak, eta hiru arrazoi nagusi aipatu ditu: azpiegituraren beraren ezintasuna, azken urteetako kudeaketa txarra eta Udalak osotasunean asumitutako finantzaketa eredua —urtean 80.000 eta 50.000 euro arteko defizitarekin—.

Uztailean itxi zuten udal hiltegia, irregulartasunak antzeman ostean eta egoera argitu bitartean. Udaren ostean, irailean, hiltegia itxita mantentzea erabaki zuen Udalak, enpresa kudeatzailearekin kontratua eten ostean eta beste lehiaketa bat deitu bitartean. Aste honetan, azkenik, epe luzera begira itxita mantentzeko erabakia izan da Udalak publikoki jakinarazi duena.

Azpiegitura 1960an eraiki zen. Azken hamarkadetan zehar herriak bizitako "hazkundearen eta kontsumo ohituren aldaketen" aurrean, azpiegiturak "eboluzionatzeko oso aukera gutxi" eskaintzen dituela azaldu du alkateak, bere kokapena eta eraikuntza bera gaur egun zerbitzu hori eskaintzeko egokiak ez direlako.

Urak arazteko ezintasuna eta animalientzako espazio desegokia izatea azpiegituraren arazo larrienetako bi dira. Egoera horretan, azpiegitura egokitzeko inbertsioa milioi bat euro ingurukoa litzateke.

Baserritarrak eta harakinak

Erabakiaren arrazoiak oso argiak diren arren, itxieraren eragina udalerriko baserritarrek eta harakinek pairatuko dute batez ere. Ondorio horiek arintzeko helburuarekin, Laudioko Udalak hainbat kreditu lerro aktibatuko ditu, abereak "zerbitzu moderno eta kalitatezkoa" eskaintzen duten hiltegietara eramateko.

Bere aldetik, Hiltegia Ez Itxi plataformak Udalari proposatu dio baserritarrek osatutako elkarte batek behin behinean kudeatzea hiltegia, azpiegitura berriro irekitzeko aukera topatu arte. Proposamen horren aurrean, "ezinezkoa" litzatekeela adierazi du Añibarrok, azpiegitura bat elkarte baten esku uzteak ez dituelako "inondik inora" irizpide legalak betetzen.

"Onartezina"

EH Bilduk eta Omniak "onartezintzat" jo dute hiltegi zerbitzua dekretu bidez ixteko "aldebakarreko" erabakia. Halaber, Ander Añibarro alkateari exijitu diote "premiaz" azter dezala zerbitzua berriro irekitzea ahalbidetuko duen irtenbide bat.

Bi talde politikoetako bozeramaileek Hiltegia Ez Itxi plataformaren proposamena kontuan hartzea eskatu dute, ildo horretan "esperientzia interesgarriak" daudela azpimarratuz. Besteak beste, honako kasuak aipatu dituzte: "Etxarri-Aranazko udal instalazioak lagatzeko esperientzia hiltegia kudeatzeko, Donemiliagako udal instalazioen erabilera lagatzea Lautadako ADR-ri, Elikagaien Transformazioren baitan hegaztien hiltegi zerbitzua kudeatzeko edota Urduñan ildo berean lantzen ari diren ekimena ere".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago