Laudiok hiltegia itxita mantentzea erabaki du, beste lehiaketa bat deitu bitartean

Erredakzioa 2021ko ira. 8a, 17:50
Arazo ugari eragin ditu Laudioko hiltegiak, ibaiari egindako isuriak direla eta. / AIARALDEA.eus

Hiltegiaren isurietan antzemandako irregulartasunak direla eta, enpresa kudeatzailearekin kontratua etetea erabaki du Laudioko Udalak. Oraingoz, itxita mantenduko du, bere etorkizunari buruzko "aukera guztiak" aztertzen diren bitartean.

Uztaila hasieran, udal hiltegiko hondakinen kudeaketan eta tratamenduan akatsak egon zitezkeela antzeman ostean, Laudio Udalak instalazioak ixtea erabaki zuen; prebentziozko eta berehalako neurri bat izan zen, ingurumen arazorik sor ez zedin.

Ezohiko egoera zergatik sortu zen jakiteko azken asteetan egindako ikerketak hainbat ez betetze antzeman ditu. Ondorioz, Udaleko zerbitzu teknikoek beharrezkotzat jo dute enpresa kudeatzailearekin kontratua suntsiaraztea eta amaitutzat jotzea.

Bestalde, Udalak jakinarazi du aurten bertan beste lehiaketa bat abian jartzeko plegu berriak lantzen ari dela dagoeneko. Bitartean, itxierak eragingo dituen ondorio ekonomikoei aurre egiteko, Udalak diru laguntza lerro bat eskainiko du ustiategia Laudion duten abeltzainentzako eta harakinentzako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide