Murgako dorretxea

Iragana egunera ekartzeko xedea

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko ira. 12a, 08:00

Murgako dorretxea Izoria ibaiaren ertzean kokatuta dago. PHOT.OK

Orain dela hogei bat urte itzuli ziren Murgako dorretxeko oinordekoak Aiaraldera, familiaren ondarea berreskuratzeko asmoz; lan mardula egin eta gero, eraikina bisitak jasotzeko prest dute, eta inguruan landatu dituzten mahastien fruitua ezagutarazteko lanean ari dira.

Dorretxearen hirugarren solairua egokitzen ari da egun hauetan Teresa Murga Iznardi, familiak mendez mende bildu izan dituen hainbat pieza eta pintura propio egokitutako areto batean erakusteko asmoarekin. Aiarako kartzelatik ekarrita jauregiko pareta batean eskegita duen presoak lotzeko grillo triste bat bezala, beste zenbait "oroitzapen" hautsa hartzen ari dira eraikin historiko zaharrean barreiaturik, eta irtenbidea bilatu nahi die Murgak. Garai bateko jauntxoen leinuaren oinordekoak azaldu duenez, bildumen areto bat antolatu nahi du, "bisitari gehiago erakartzeko eta eduki gehiago erakutsi ahal izateko". Lan horri eusteko, Eusko Jaurlaritzarekin saiatu dira laguntzaren bat lortzen, baina ez da posible izan. "Dorretxearen kudeaketa oso konplikatua da, beraz une honetan ahal duguna egiten dugu".

Orain dela bi edo hiru urtez geroztik bisita gidatuak antolatzen ditu Murgako jabeak dorretxe-jauregian, eta inguratzen duten mahastietan ekoizten duten Txikubin txakolinaren dastaketak ere egiten dituzte. Araban, bisitak jasotzen dituen eraikin historiko bakanetakoa da Murgako dorretxea, Villanañeko baronatarrenarekin batera. "Bisita gehiago egin nahiko genituzke, baina pixkanaka-pixkanaka doa. Egia da ez dugula publitzitate handirik egin eta berez etorri zaigula jendea", nabarmendu du Murgak.

'Tronuen Jokoa', made in Aiara

Leinuaren inguruko historia eta Bandoen Gerra garaiko urte latzenak ezagutzeko parada dute bisitariek, Izoria errekaren ondoan paratutako jauregiaren hormen artean. Tronuen Jokoa seriearen antzeko gudu odoltsuek eta nobleen arteko areriotasun luzeek bultzatu zuten, Behe Erdi Aroan, dorretxe ugariren sorrera Araba osoan. Jauntxoen boterea, estatusa eta bizi maila mantentzeko eta haranak eta merkataritza bide nagusiak menpean izateko eraiki ziren dorre horiek. Hala izan zen ere Murgako dorretxearen kasuan.

Antza, 1272 inguruan eraiki zuten lehen dorrea, egurrezkoa, Juan Sanchez de Murga Aiarako zortzigarren jaunaren eta murgatarren leinuaren sortzailearen aginduz. Alta, ez dute egurrezko horren aztarnarik aurkitu, eta egun dagoen dorrearen eraikina XIV. mendekoa da. EHUk egin zuen ikerketak hala jaso du, bederen: "Nahiz eta ez dugun baztertzen inguruan kokatzea, egungo dorrearen kokapena ez da zurezko dorre zaharraren kokapen bera. Inguruan egin diren arkeologia-laginek ez dute aurreko egituren arrastorik txikiena ere eman".

XIV. eta XV. mendeen artean, Euskal Herrian Bandoen Gerra puri-purian zegoenean, Arespalditza eta Kexaako aiaratarrek murgatarren aurka borroka egin zuten Arabako kontrolagatik. Horretan, Murgako dorreak funtzio "militarra" bete zuen XV. mendearen amaiera arte apenas aldaketarik gabe. Izan ere, asko tematu ziren murgatarrak aiaratarren kontra, eta 1490. urtean, leinuen arteko bakea sinatu zenean, Lope Garcia de Murgak adiskidetzeari uko egin zion. Dena dela, XVI. mendearen hasieran, botere borroka haiek atzean utzi zituzten behingoz, eta eraikin militarra jauregi-etxebizitza bihurtzeko lanak hasi ziren murgatarrak. Bandokideen eraikinari jaunaren etxebizitza nagusitu zitzaion orduan, eta bi jauregi eraiki ziren, dorrea inguratuz. Bata XV. mendearen amaierakoa da eta bestea XVI. mendekoa. Jauregi berri horrek "L" forma du, eta lehen jauregiaren osagarria da. EHUko ikertzaileen esanetan, Erdi Aroko dorrearen "birmoldaketa" prozesuaren azken emaitza da jauregi moderno hori.

XVIII. mende inguruan, berriz, Murgako dorretxeak indarra galdu zuen bailararen antolamenduaren barruan, gutxienez, botere-gune gisa. Izateko arrazoia galdu zuten orduan dorreak eta jauregiak, jada ez baitziren defentsa esparrua, ezta antzinako leinu baten sinboloa ere. Aldaketa ekonomikoak eta sozialak bultzatuta, eraikina nekazaritzarako erabiltzen hasi ziren, eta mendearen amaieran, Xabier de Murga murgatarren XV. jaunak dorretxea utzi zuen, eta Bizkaiko Markinara joan zen bizitzera. Baserria izatera igaro zen, beraz, bandokideen dorrea eta jauntxo boteredunen jauregia.

Murgako dorretxean Txikubin txakolinaren dastaketak egiten dituzte. PHOT.OK

Mende luzez kanpoan izan ostean, Murgako jaunaren oinordekoek ingurua eta eraikina zaharberritzeko prozesua hasi zuten duela hogei bat urte. Emaitza begi bistan dago, eta 2001. urtetik, Euskal Kultura Ondarearen Errolda Nagusian dago monumentu kategoriarekin. "Esfortzu handiarekin konpondu dugu jauregia. Nik aitarengandik oinordetzan hartu nuenean oso-oso gaizki zegoen. Prozesua oso motela izan da, obraren fase desberdinak egon dira, lau fase guztira, eta oraindik ez dago bukatuta", esan du Teresa Murgak.

Arabako Diputazioarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin harremana du jabeak, eta diru-laguntzak ere eskatu dituzte eraikina zabalik mantendu ahal izateko, baina momentuz modu pribatuan kudeatzen dute. "Duela bost bat urte erabaki genuen bisitak egiten hastea, eta ezkontzak edo bestelako ekitaldiak jaso ahal izateko ere egokitu dugu; modu horretan, gutxienez, mantenua bermatuko dugu". Ildo horretan, eraikin pribatuak publikora zabaltzeko ohitura falta aipatu du Murgak: "Europako beste herrialdeetan arrunta da dorretxeak eta jauregiak publikoari zabalik egotea, baina, hemen, Euskal Herrian ez dago ohitura hori".

Txakolina eta cava

Murgako dorretxea zaharberritu zen bitartean, agerian geratu ziren horma zaharrek mendeetan zehar gorde dituzten zenbait sekretu. Horien artean, dolare bat agertu zen, eraikina inguratzen zuten mahastien fruitua ardo bihurtzeko erabiltzen zutena. Dolareak lehen jauregiaren beheko solairu osoa okupatu zuen eta baserrietan aurkitu diren dolare handien antzekoa da.

Garaiko mahastiak desagerturik zeuden, baina dorretxea Arabako Txakolina jatorri-deituran kokatu izanak lagunduta, mahastien laborantza berreskuratzea erabaki zuen familiak. Guztira, gutxi gorabehera lau hektarea mahasti dira, eta Txikubin izeneko txakolina ekoizteko balio izan diete. Leinuko sortzailearen omenaldia da ardoaren izena, izan ere Juan Sanchez de Murga Txikubin ezizenez ezaguna zen. Mahastia 2009an landatu zuten eta 2011n merkaturatu zuten lehen botila. Aparduna ere egiten dute, 13 Estrellas Salazar izenekoa, modu tradizionalean.

Erlazionatuak

Maria Saenz de Murgaren maiorazkoa

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021 ira 12 Aiaraldea   Aiara

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago