Maria Saenz de Murga Lopez de Sojo. Izoria ibaiaren ertzean kokaturiko dorretxearen bederatzigarren jabea eta familiaren maiorazkoaren sustatzailea. Eraikinaren historia kontatzeko orduan oharkabean pasatu den figura.
Maiorazkoa ez da berez Euskal Herrian bakarrik funtzionatu duen sistema bat, baina berezitasun bat izan du hemen: emakumeak ere oinordekoak izan zitezkeela.
"Murgako maiorazkoaren sorreran Maria Saenz de Murgak, Lope Garcia de Murgaren alargunak, paper protagonista izan zuen, hain zuen bera izan zen familiaren ondasun guztien lotura egin zuena. Emakume batek hori egitea ezohikoa da, eta botere handia zuela erakusten du. Litekeena da alarguna etxeko buru ukaezina bihurtzea hil arte, baita alaba Juan Martinez Agirrerekin ezkondu ondoren ere".
Murgako damaren garrantzia nabarmendu zuten EHUko ikertzaile Ismael Garcia Gomezek, Leandro Sanchez Zufiaurrek eta Alberto Plata Monterok, dorretxearen eraikuntzaren garapenaren inguruan 2009. urtean egin zuten ikerketan, eta ondoren kaleratu zuten txostenean.
Dorrea, damarentzat
Alargunak zuen papera dorretxearen espazioen banaketan ere islatu zela uste dute ikertzaileek: "Maiorazkoaren sorreran, Maria Saenz de Murgak dorrea berarentzat gordetzea erabaki zuela pentsa daiteke, antzinatik egiten zuen bezala bertan bizitzen jarraitzeko; eta, berriz, ezkondu berrientzat dorrera atxikitako lehen jauregia eraiki zuen". Hortaz, Murgako maiorazkoaren lehenbiziko urteetan dorreak autoritate sinbolo bezala funtzionatu zuela ondorioztatu daiteke, "akaso Saenz de Murgak familian duen boterearen erakusle bezala".
Emakume bat maiorazkoaren sortzailea izatea ez da oso ohikoa
Bestetik, garaiko testuinguru politikoan, dorreak paper nagusi bat hartu zuen leinuaren antzinatasunaren ikur bezala, eta maiorazkoa lortzeko bermea ere bihurtu zen. "Maiorazkoaren fundaziorako bete behar ziren izapide burokratikoen artean, zenbait ikuskatzailek in situ egiaztatu behar zuten leinuaren tradizioa erakusten zuten oinetxea eta lurzorua zeudela, eta lotu nahi ziren ondasun eta higiezin guztiak ikuskatu eta inbentariatu behar zituzten". Dorrea eta jauregia, beraz, erreferentzia bihurtu ziren, eta familiak bertatik zabaldu zuen maiorazkoarekin lorturiko boterea.