Tubacexeko langileek grebarekin jarraitzea erabaki dute

Erredakzioa 2021ko uzt. 19a, 14:00

159 egun bete ditu jada Tubacexeko langileen greba mugagabeak. / Argazkia: IÑAKI MONTES

Greba mugagabeak aurrera jarraituko du Tubacexen, eta enpresa batzordeak berretsi du zuzendaritzari egindako eskaera: EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia bete dezala, kaleratutako langile guztiak berriro onartuz.

Otsailaren 11n hasitako greba mugagabea bertan behera ez uztea erabaki dute Tubacexeko langileek, grebaren 159. egunean. Hala jakinarazi du ELA, STAT, CCOO, LAB eta ATAL sindikatuek osatutako enpresa batzordeak, gaur goizean plazaratutako ohar bateratu batean.

Horrela, Laudio zein Amurrioko lantegietan kaleratutako 129 langileak berriro onartzeko eskakizunari eutsiko diote: "Tubacexeko zuzendaritzari exijitzen diogu epaia osorik bete dezala; hau da, Enplegua Erregulatzeko Espedienteak (EEE) eragindako langileak erabat eta eraginkortasunez berronartzea", adierazi du enpresa batzordeak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak uztailaren 6an ebatzitakoa gogora ekarriz.

Langileen ordezkariak prest agertu dira eskakizun hori betetzen duen "edozein negoziazio prozesuri ekiteko". Enpresak aurkeztutako helegitearen aurrean, Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena urtebete inguru atzeratu daiteke.

Bitartean, grebarekin jarraitzearen aldeko jarrerarik irmoena agertu duten ELA eta LAB sindikatuek erresistentzia kutxa indartzea erabaki dute, dagoeneko bost hilabetez luzatu den borroka ahalbidetzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago