Istiluak, kargak eta atxiloketak Tubacexeko langileen piketeetan

Erredakzioa 2021ko ots. 23a, 10:29
Tubacexeko langileen eserialdia astearte honetako piketean. / @MaddiIsasi

150 kaleratzeen kontrako greba mugagabean jarraitzen dute Tubacexeko langileek, eta Laudioko fabrikan deitutako pikete masiboetan istiluak eta poliziaren kargak jazo dira gaur. Gutxienez hiru langile atxilotu ditu Ertzaintzak egunean zehar.

Zuzendaritzak Laudio eta Amurrioko lantegietan gauzatu nahi dituen 150 langile kaleratzeen aurkako greba mugagabearen bigarren astean daude murgilduta Tubacexeko langileak. Asteleheneko piketeetan tentsio uneak bizi ziren, eta astearte honetan pikete masiboa egiteko deia egin dute langileek, buzo gorriak jantzita.

Sortu Aiaraldeak Twitter bidez kontatu duenez, goizeko lehen orduetatik ehunka lagun bildu dira Laudioko plantako piketean, zuzendaritzaren eta hainbat langile greba-hausleren iritsiera oztopatzeko helburuarekin. Bildutako jende kopuruaren ondorioz, autobusaren iritsiera atzeratu egin dute, baina azkenean oinez ailegatu dira.

Orduan, langileek bengalak jaurti dituzte errepidera, eta eserialdi bat egin dute. Bi langile beraien artean kateatu dira errepidearen erdian, eta Ertzaintza kargatzen eta grebalariak identifikatzen hasi da. Gutxienez bi atxiloketaren berri eman du Segurtasun Sailak. Bitartean, eserialdiarekin jarraitu dute langileek. Ertzaintzak 600 euroko isunak jarriko dizkietela ohartarazi die eseri diren dozenaka langileei.

Tentsio uneak bizi izan dira, baina dagoeneko amaitutzat eman dute goizeko piketea.

Aiaraldea.eus hedabideak argitaratu duenez, Ertzaintzak berriz kargatu du arratsaldean Tubacexeko Laudioko fabrikaren aurrean bilduta zeuden langileen aurka. Borrak eta foam balak baliatu dituzte berriz ere, goizean egin bezala; eta gutxienez pertsona bat eraman dute atxilotuta.

 

Goizeko irudiak

Bideoa: Aiaraldea.eus

150 langile kalera

Negoziazio mahaiaren lehen bilera egin zen otsailaren 8an, eta aurreratu zuena baieztatu zien Tubacex enpresako zuzendaritzak langileen ordezkariei: alde batetik, enplegua erregulatzeko espediente bat (EEE) berehala aurkeztuko duela, 150 lanpostu behin betiko ezabatuz.

Horrez gain, plantilla osoari eragingo dion aldi baterako lan-erregulazioko espediente berri bat martxan jarriko du (ABLEE), orain arteko hirugarrena, otsailaren 7an amaitutakoari jarraipena emateko. Espediente hori martxoaren 29tik irailaren 10era bitartean izango da indarrean.

Uztailean, Tubacex taldeko zuzendaritzak iragarri zuen gastuak doitu behar zituela, eta, horretarako, beharrezkotzat jo zuen plantillaren %20 inguru murriztea. Gaur egun, guztira, 2.500 langile baino gehiago daude talde osoan, eta 800 inguru Aiaraldeko lantegietan, Amurrion eta Laudion.

Uztaileko iragarpenaren ostean, langileen mobilizazio zein lanuzte ugari eta emaitzarik gabeko negoziazioak izan dira. Urte amaieran, gainera, 13 milioi euroko galerak zituela iragarri zituen enpresak, 236,9 milioi euroko likidezia duela onartu zuen arren; hau da, 2024ra arteko maileguei aurre egiteko nahikoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide