Martxoaren 5erako lanuzte orokorra deitu dute Aiaraldean, "enplegu eta bizitza duinaren alde"

Erredakzioa 2021ko ots. 23a, 13:24
Enpleguaren aldeko mobilizazio bat Amurrion. / AIARALDEA

ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek "enplegu eta bizitza duinaren aldeko" lanuzte orokorra eta mobilizazioa deitu dute Aiaraldean martxoaren 5erako, eskualdeak bizi duen "egoera kezkagarria" dela eta.

"Aiaraldea egoera kezkagarrian dago. Enplegu suntsiketa, lan baldintzen okertzea, enplegu prekarioa eta zerbitzu publiko askoren egoera izugarriak dira", azaldu dute sindikatuek ohar batean.

Besteak beste, Tubacex EEE bidezko 150 kaleratze daude mahai gainean eta Valvospain itxierak 79 langile utziko ditu kalean enpresen kasuak azpimarratu dituzte, "ehunka familiengan eta eskualdearen etorkizunean izango dituzten ondorioekin".

"Izozmendiaren muturra baino ez" dela uste dute ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek. "Bi kasu larri horiei gehitu behar zaizkie enplegua suntsitu duten hamarnaka enpresa, kaleratuak izan diren aldi baterako langileak, modu bidegabean ABLEE egoeran dauden langileak, osasungintza publikoko langileen egoera, zerbitzu sozialetakoena, hezkuntzakoena, ostalaritza eta merkataritza sektoreen egoera, edo eskualdeko enpresa txiki eta autonomoek bizi duten egoera larria", azaldu dute.

Horregatik, euskal gehiengo sindikala osatzen duten lau sindikatuek, "enplegu eta bizitza duinaren alde" mobilizatzera dei egin dute datorren martxoaren 5ean Aiaraldean, "erantzun global, bateratu eta anitza" emateko. Eskualde mailako bi orduko lanuztea deitu dute 11:00etatik 13:00etara; eta 11:30ean manifestazioak egingo dira Amurrion eta Laudion, Aiaraldean enplegu eta bizitza duina lelopean, herriko plazetatik abiatuta.

Eskualdeko langile, enpresa, sektore eta kolektibo guztiei bat egiteko dei egin diete sindikatuek, mobilizazio masiboa izan dadin. "Gure eskualdea, bertako biztanle eta langileak egoera kritikoan gaude eta ez dugu onartuko gu izatea ordainduko dugunak", ohartarazi dute. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide