Gasteizko Erdi Aroko leku interesgarrienak bisitatuko dituzte. Turismo bulegoak antolatuta.
Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen ikastaroko azken saioan itxiera mahai-ingurua egingo da. Oihanederrek, UEUk eta Deustuko Euskal Gaien Institutuak elkarlanean antolatutako ikastaroa 5 saiotan banatu da, urtarriletik maiatzera bitartean, saio bat hilean. Irakasleentzat homologatutako ikastaroa da. Mikel Irizar eta Belen Urangak gidatuko dute itxiera mahai-ingurua. Azken jarduera honen helburua ikastaroan zehar agertutako ideia interesgarrienak bildu eta ikastaro/hausnarketa saio berrietarako galdera berriak planteatzea izango da. Azken saio honetan parte hartzeko izena eman behar da.
Hartz taldea hiru kidek osatzen dute, Axik (Baxua), Intzak (Bateria) eta Beñat Rodriguezek (Gitarra eta ahotsa). Urte beteko bizitza du proiektuak, eta aurreko urteko martxo aldean eman zituzten bere lehenengo kontzertua. Rocka egiten dute, naiz eta etiketen oso fanak ez izan. Geu elkarteak antolatu du kontzertua. Sarrera doan.
Ikimilikiliklik · JA Artzeren unibertsoa bideo-instalazioa ikusgai egongo da maiatzaren 26tik uztailaren 2ra Oihaneder Euskararen Etxeko ur biltegian. Ikimilikiliklik · JA Artzeren unibertsoa ikus-entzunezko sorkuntza bat da, azken hamarkadetako euskal sortzaile original eta garrantzitsuenetako bat ezagutzeko helburuz sortutako erakusketa. Ikusleek irudi, musika eta soinu mundu batean murgilduta, haren obra ezagutzeko aukera izango dute. Joxe Antonio Artze Agirre -Joxan Artze- (Usurbil, 1939) idazle eta musikariak 40 urte baino gehiagotan garatutako lan poetikoan zehar egindako bidaia da Ikimilikiliklik bideo-instalazioa. JA Artze oso ezaguna da herritarren artean Mikel Laboaren abesti ikonikoen letren egilea izateagatik, esaterako, Txoria txori, Gure Bazterrak edo Zaude lasai; baita bere anaia Jexuxekin txalapartari gisa aritzeagatik ere. Baina Artzek obra sakona eta gutxi ezagutzen dena ezkutatzen du, artearen hainbat esparrutan garatu duena: poema-liburuak, audio-grabazioak eta ikuskizun eszenikoak. Horien isla izan nahi du bideo-instalazio honek.