Bideoa

admin 2012-04-12 16:32   Bideoak {youtube}z0Yg7qgy7K4{/youtube}

ARTIUM, hamarkada bat arte garaikidearen mesedetan

admin 2012-03-06 12:25   Berriak


Artium

Picassoren “Gernika” obraren sormen-prozesuan sakontzen duen erakusketa da urteurrenaren ospakizunen ardatza


Hamar urte igaro dira jada Gasteizek Arte Garaikideko berezko espazio publikoa duenetik. Hamar urte igaro dira jada, egungo artea bildu, sortu, zabaldu eta bertako zein nazioarte mailako lanak transmititzeko helburuarekin jaio zenetik. Baina ez hori bakarrik. Hamarkada bat igaro da jada kultur jardueretarako museo eta zentro honek honako konpromisoa hartu zuenetik: gizartearen kontzientzia kritikoa suspertzea eta Arabako lurraldea artea eta kulturarekin konprometitua dagoela ezagutaraztea, alegia.

 Bide luze honetan, Arte Garaikideko bilduma zabala eta koherentea, aldi baterako erakusketen asmo handiko programa, kultur jarduera anitz eta txikienei (eta nagusiei ere) egungo artea hurbiltzeko Hezkuntza programa interesgarria izan dira Artium zentroko ildo nagusiak. Izan ere, aurten programazio berezia prestatu du urteurrena behar bezala ospatzeko.

 

Urteurrena, murrizketa urtea


Paradoxikoki, 2012an erakundeak murrizketak jasan ditu eta aurrekontuak %10 egin du behera. Horrek ez du, ordea, eskaintzaren kalitatea murriztuko eta urteurrenaren ospakizunean Pablo Picassoren “Gernika” obra ardatz nagusia bilakatu da. Hala, Jose Ramon Amondarain artista donostiarrak malagarraren obra ospetsuaren sormen-prozesuaren une desberdinak irudikatu ditu zortzi mihisetan, Picassoren musa izan zeneko Dora Maar argazkilariak hartutako irudietan oinarrituz.

Aldi berean,  Cristina Lucas, Pepo Salazar, Daniel Garcia Andujar eta  Pilar Albarracin artistek mugak gainditu dituen obraren inguruko ikuspegi berria eta eguneratua aurkeztuko dute proiektu honetan.

Bigarren seihilekoan, aldiz, soilik Artium Bildumaren artelanek osatuko dituzte  zentroko areto guztietan ikusgai egongo diren erakusketa guztiak.

 

2012/03/06

Egilea: Saioa Fdz de Aranguiz

 

Xabier Montoia

admin 2012-03-06 12:12   Musika

azala-monti1

Ia hamarkada bat Xabier Montoiak diskorik argitaratzen ez zuela eta azkenean Montoiaren Mundu Miresgarria kaleratu du, bere bakarkako ibilbideko bosgarrena (nahiz eta tartean ofizialki argitaratu gabeko Deus Gutti ere baden)  hamar abestiz osatua. Esan daiteke inoiz baino biluziago agertzen dela Montoia, Ibon Rodriguez eta Maite Arroitajauregiren laguntzarekin, pianoa, biolontxeloa eta gitarra nagusi diren disko batean, baxua eta bateria alde batera utzita. Aurreko lanetan, rock-eroago agertzen zen batzuetan, elektronikoago beste batzuetan, baina oraingoan kantuen muinera jo du. Bere ibilbideko abestirik klasikoenak bildu dituela pentsa daiteke.

Musikari izateaz gain, Montoia idazlea ere badela ezin ahaztu. Ondorioz bere abestiak janzten dituzten hitzek garrantzi berezia hartzen dute entzulearentzat. Amodioa orokorrean, pertsonen arteko harremanak, gezurrak eta egiak, gizakioi buruz idazten ditu Montoiak bere abesti gehienetako hitzak, orokorrean nahiko ikuspegi ezkor batetik, espeziearengan inolako itxaropenik ez duenaren seinale. Baina Montoiaren Mundu Miresgarria diskoan abestiak bere osotasunean, argiagoak, positiboagoak dirudite, instrumentazio klasiko eta garbi horren ondorioz agian.

Zuzenean ikusteko aukera izanez gero, ezin galdu, Montoiaren presentzia hutsak errespetua ematen baitu eta ahots sendo zein berezi horrekin Ibon eta Maiteren instrumentuen laguntzaz ileak tente jartzeko moduko abestiak sortu baititu.

 

2012-02-20

Egilea: Eñaut Iraeta

 

Trumbo

admin 2012-03-06 12:10   Musika

trumbo3

Ez dira musika mundura iritsi berriak baina beraien azken proiektua 2010 urtean ezagutu genuen. Trumbo hirukote gasteiztarrari buruz ari gara. Aurretik Neubat, Vicepresidentes, Kashbad edo Naüt bezalako taldeetan aritu ondoren Eneko, Gorka eta Kandak stonerra, doinu pisutsuak eta rocka, melodiekin uztartzen dituen power trio bikainari hasiera eman zioten.

Urtebete behar izan zuten beraien musikaren emaitzak kalean jartzeko, taldearen izen bera daraman lehen lanarekin. Eskarmentua dutela argi geratzen da lehen disko horretako hamar abestiak entzun ondoren, Duranetxe estudioetan Urko Aranburu teknikari zutela grabatu zuten diskoa eta soinu benetan duina eta indartsua lortu zuten, taldearen esentzia jasotzen duena. Ia 40 minututan gitarra riff bereziak eta oinarri erritmiko sendoak, hitz iradokitzaile eta tarteka zuzenekin uztartzen dituzte. Gorabehera batzuekin eta ezer berririk asmatzen ez baldin badute ere, egiten dutena oso ondo egiten dakitela argi uzten dute Niagara edo Sekretuak bezalako abestiekin. Matasellos zigiluarekin auto-ekoizpenaren alde jo zuten, argi baitago, gaur egun eta bereziki talde hasi berriek diskoak kaleratzeko duten aukera bakarra dela, egin nahi duzunaren gainean erabat burujabe izatea ahalbidetzen duena gainera.

Ordutik, kontzertu ugari eman dituzte, horietako asko Gasteizeko eskenatoki ezberdinetan, jaialdi handietan ere arituak dira baina ohikoa den bezala hurbileko kontzertuetan ematen dute beraien onena, areto txikiak jendez lepo baldin badaude ezin hobeak dira izerdi usainarekin batera, lepoak astindu eta belarriak zulatuko dizkizun Trumboren proposamen musikalaz gozatzeko.

 

2012/02/28

Egilea: Eñaut Iraeta

Paisaia

admin 2012-03-05 15:22   Marrazkiak

Paisaia.-Izaskun-Arriaga_web

Egilea: Izaskun Arriaga

Azoka

admin 2012-03-05 15:20   Marrazkiak

Azoka_web

Egilea: Izaskun Arriaga

Bestaldean

admin 2012-03-05 13:52   Ikus-entzunezkoak

 

Trastaka taldea (Gasteiz)


Kameratoia 2007 lehen sariaren irabazlea

Errekaleor: Atzera kontua

admin 2012-03-05 12:59   Gizartea


Errekaleor_7“Mundu hobe bat” izateko jaio zena beste mundura doa. Errekaleor auzoa bere epaia noiz gauzatuko zain dago: desjabetze-gutuna jaso dute bertan dirauten bizilagun bakanek.


Edozein igande izan zitekeen. Lainoa itxia da eta ozta--ozta ikusten dira auzoaren hamasei eraikinak, errenkadan, bata bestearen berdina, zuri-zuriak, aldapan gora. Zazpigarren autobus-linea hutsik iritsi da, eta etorri den bide beretik itzuli. Kale itsua da Errekaleor: inora ez daraman bidea. Eta bertatik alde egitea... bueno, hori beste kontu bat da.

Bertatik ikusita, gaur lausoa da Salburuaren profila, lainoan gordea. Mamu bat.

Eraikinak zauriz josita daude. Zementuz eta adreiluz itxi dituzte leihoak. Txirrinak, ateen markoak, gutunontzietako piezak... “dena eraman dute txatarrean saltzeko”. Miriam Hernándezek kontatzen du. 10 urte ditu eta bere izena auzoko hainbat paretetan dago, beste batzuekin nahasita: Esme, Tania, César, Kevin... Errekaleorreko azken umeen aztarna. “Laster agian Zaramagan biziko naiz. Ez da ezer ziurra... Oso gutxitan atera naiz auzotik”, azaltzen du.

  

Trinketa: Euskal pilotaren ezezagunik biziena

admin 2012-03-05 12:49   Kirola

trinketagasteizEuskal pilota frontoian jokatzeaz gain lau hormadun joko eremuan ere jokatzen da. Eremu horri trinketa deitzen zaio eta Gasteizen “Maitena” izeneko trinketa dago Mendizorrotzako frontoietan.

Munduaren deskalabrua

admin 2012-03-05 12:44   Iritzi zutabeak
ItsasoEstarrona

 

2011/09/1

Itsaso Estarrona Elizondo

 


Noizbait gertatuko zitzaizuen: munduaren deskalabrua zuen delitua dela pentsatzea. Yogur hori birziklatzera bota EZ zenueneko krimena. Zure armairua langile esplotatuen izerdiz lehertu egin zeneko atentatua. Autobusa hartu beharrean kotxez joan zineneko makurkeria. Edo bertako tomate osasuntsuen ordez fast-food prefabrikatu bat afaldu zenueneko traizio kolesterolduna. Kirola egin ordez sofa gainean zerraldo erori zineneko zabarkeria. Tsunami egunean dohaintza eman ez zenueneko zeurekoikeria. Ah, bueno, eta... balio zuena baino bi aldiz gehiago kostatu zitzaizun etxea erosi zenuenekoa eta bankuari etxe hori kostatu zitzaizunaren bikoitza zor zenioneko konplota. Klaro, eta... Demokraziaren jauntxoek egin zizuten inkesta horretan ez daki/ez du erantzuten laukitxoa markatu zenueneko konjurazioa.

Mundua tiroz hiltzen ari zarela sentituko zenuen, akaso.

Eta tiroak izan, badira. Baina nork jarri digu eskopeta hain eskura?

Yogurta birziklatzeko esaten badidate, baina kontenedorea bi kilometrora badaukat...

Zikindutako arropaz betetako zentro komertzialez josi badigute hiria, eta ortua zegoen tokian trans-koipeak landatu badizkigute...

Lau errail zabaldu badituzte nire kalean, eta kotxe berri bat erosteko diru-laguntza eman badidate...

Balio duena baino bikoitza kostatzen zuen etxea erostea eta balio zuena baino bikoitza kostatzen zuen dirua eskatzea beste aukerarik ez banuen aurkitu...

Eta jauntxoek egin didaten inkestan nire erantzunerako laukirik ez badago... eta galderarik egin ezin badezaket...

Nola salbatu dezaket mundua deskalabrutik?

Esaten digutena askoan ez dator bat eginarazten digutenarekin.

Beraz, agian... esaten EZ digutenak lagunduko du mundua salbatzen: aldarrikatu, protesta egin, altxatu, adierazi, kalera atera, oihukatu, isilpean eraiki, desobeditu, amestu, esnatu. Esaten ez digutena esan eta egin. Zer, bestela?

Ez diogu munduari tiro egin nahi; baina, arren, kenduiguzue eskopeta eskuetatik.

Urtxintxen intxaurrak

admin 2012-03-05 12:44   Iritzi zutabeak

DSC_0007 copia tb

2012/03/08

Estibaliz Rodriguez de Santiago




Ezagutzen ditugun urtxintxak animalia txiki, polit eta maitagarriak dira; Gasteizko inguru naturaletan bizi, eta intxaurrondoetatik erortzen diren fruituak hartu eta gordetzen dituztenak. Baina urte hasieran, karraskari koskor hauen anai-arreba nagusiek basoak utzi zituzten eta hiriburura hurbildu ziren, berde koloreak erakarrita, pentsa lezake edonork.

Dakizuenez, baina, ez ziren green-ak erakarrita etorri, Gasteizen kulturak jasotako astindua salatzera baizik. Ekimena erakusteaz gain, manifestualdarrikatzaile sendoa aurkeztu dute oinarri bezala. Kultura hezitzailea, mamitsua eta hiriaren errealitatearekin bateragarria dena aldarrikatu dute, alde batetik, eta bestetik, egin izan diren inbertsio handiak -eta bertan behera geratu direnak jaio berriak izanda ere- salatzen dituzte. Deialdi bikoitza egin dute. Hiritarrok esnatu, mugiarazi eta martxan jarri nahi gaituzte; gogorarazi nahi digute kulturaren parte garela eta, era berean, kultura gure izatearen parte ere badela. Inbertsioa gastu hitzarekin estali nahi dutela ozen salatzen dute katagorri intxaur jaleek.

Dirua maneiatzen dutenen atentzioa ere eskatzen dute; inoiz baino gehiago kontu handiz erabili behar diren euro horien inbertsioak hiritarrei itzultzea eskatzen diete eta manifestuan azaltzen duten bezala, adreilu gutxiago eta programazio gehiago aldarrikatzen dute.

Urtxintxek, kulturak bezala, ez dute aurpegi zehatz bat, eta hor dago koska: edonor izan daiteke katagorri. Agian, batek bakarrik ez du indar nahikorik izango, baina zer gerta daiteke milaka urtxintxa baleude ideia edo taupada baten azpian?

 



Mundu txikiago baten bila

admin 2012-03-05 12:29   Iritzi zutabeak
ItsasoEstarrona

2011/09/1

Itsaso Estarrona Elizondo


Mundua gero eta txikiagoa dela esaten digute. Eta ez dakit zuei, baina niri gero eta handiagoa egiten zait. Egongo dira hegazkin supersonikoak, errepide ultraleunak, eta abiadura izugarrizko trenak. Baina niri, gauzak gerturatu baino, gauzak urrutiratu egin zaizkit. Benetan. Txikia nintzenean, auzoko merkatuan egiten nituen erosketak. Orain, orain kotxea hartu eta aldirietako supermerkatu labirintiko batera joan behar izaten naiz. Agian zuek ere. Eta ez da hori urrutiratu egin zaidan gauza bakarra. Txikia nintzenean, auzoan ikasi eta lan egiten genuen nik eta nire familia. Eta auzoan ez bazen... hirian, gehien jota. Orain, orain nire nebak Altsasura joan eta etorria egiten du, eta nire lagun min batek, Bilbora. Egunero! Haiek urruti dute lantokia, eta nik urruti ditut haiek. Gauza gehiago: lehen aiton-amonak etxean genituen. Orain, zaharren egoitzan. Urruti. Eta auzokideak... auzokideak auzokide genituen garai batean. Gaur egun, nire etxe pareko bizilagunak milaka kilometroko distantziara daudela iruditzen zait. Eskerrak bizilagunak baino bizietsaiak ez ditudala. Ez nintzateke bakarra izango. Zer gehiago? Ba natura, adibidez: parterrea ikustearekin konformatu behar gara sarritan. Eta iluntzea... iluntzeaz gozatzea ia ezinezkoa da gure hiri mega-porlanezkoetan. Ez dugu zerumugarik, teilatuak ez badira. Eguzkia, dudarik gabe, urrutiratu zaigu (edo solariumetan ezkutatu?). Eta zer gehiago...? Ba dibertsioa. Hiru eguneko zubia dugun bezain laster, Paris edo Erromara joateko amets egiten dugu. Urruti joan nahi dugu. Gure egunerokotasunetik urruti. Eta hori uste dut nik: gure baitatik gero eta urrutiago gaudela. Mundua ez garela gure neurrira eraikitzen ari. Asteburu pasa Londresera joan gaitezkeela, eta zainzuriak Perutik ekarri ahal dizkigutela, eta artoa Estatu Batuetatik. Baina guretzat garrantzitsuak diren gauzak (familia, plaza, merkatua, lantokia, ikastokia, dibertsioa, eguzkia) urrutiratu egin zaizkigula. Gero eta azkarrago joan gaitezke, bai. Gero eta urrutirago goaz. Baina nik gure baitara gerturatu gaitezen nahiko nuke. Mundu txikiago batean bizi. Posible ikusten al duzue?

Gimnasia aerobikoa: musikak gidatutako zehaztasuna

admin 2012-03-05 12:01   Kirola

 

biribildu-gimnasia3_web

Musikak gidatutako koreografia aerobiko konplexuak egitean datza gimnasia aerobikoa. Gazteen artean gero eta gehiago zabaltzen ari den kirol diziplina da. Oraindik orain ez da olinpikoa, baina arautegia moldatzen ari da nazioarteko federakundea noizbait kirol olinpikoa bihur dadin. Banaka, bikoteka, hirukoteka edo taldeka praktikatzen da.

 

Irudi imajinaezinak

Gaitasun fisiko ugari eskatzen ditu gimnasia aerobikoak, hala nola, malgutasuna, indarra, potentzia edo oreka. Gimnasiaren barruan batzen diren diziplina askotako mugimenduak biltzen ditu. Koreografiaren barnean taldekideen gorputzak erabiliz figura ezberdinak burutu behar dira. Hau da, ekipoa osatzen duten lagunen artean taldekide bat edo bi altxatzen dituzte; ezinezkoak diruditen irudi magikoak osatuz. 

Salburuako dorreak

admin 2012-03-05 11:58   Zozketak Denborapasa.salburuako_dorreak_web

Gasteizko zapaia dira, hiriko dorrerik altuenak. Batzuk hutsik egon arren auzo berriaren irudi bihurtu dira. Baina, ez al dago zerbait arraro irudi honetan?

Hodi berdeak

admin 2012-03-05 11:55   Zozketak Denborapasa--kaptusak_web

Ezaguna egiten zaizu, baietz??? Zein kaletan dago hodi kaptusa??

Gasteiz, berdeegia

admin 2012-03-05 11:45   Bertsoak zaborra_web 2012/ 02/21

 

Doinua: “Iparragirre abila dela”

Europan zerbait ikusi dute

Gasteiz berde izendatzeko?

Nahiz eta gauden hamaika hiri

baino askozaz hobeto,

niretzat marketinak

dakarzkigu dominak,

harrotu dira hainbat lepo.

Gasteiz berdeegi ez ote dago

hiri berde izateko?

 

 

Bertsoa: Xabi Rico

Argazkia: Naroa Cuesta

 

Itzal itzela!!

admin 2012-03-05 11:42   Argazkiak zuhaitzaren_itzala

 

Zuhaitzaren itzala... itzela!! 

Egilea: Naroa Cuesta

Ardien orrazia

admin 2012-03-05 11:41   Argazkiak txarrantxaz_orrazturiko_ardia_web

Artilea orrazteko erabili ohi den orrazi bereziak kardama du izena. Ardi hauek bidean aurkitu dute... 

Egilea: Naroa Cuesta

Gasteizko Mintzalaguneko logo lehiaketan aurkeztutakoa (Eider)

admin 2012-03-05 11:37   Marrazkiak GM_Logoa3_eider_saez

Egilea: Eider Sez de Ibarra

Gasteizko Mintzalaguneko logo lehiaketan aurkeztutakoa (Aritz)

admin 2012-03-05 11:34   Marrazkiak aritz_oskar_ezkerro

Egilea: Aritz (Oskar Ezkerro mintzalagunaren semea)