Argantzonek hartuko du 2027ko Araba Euskaraz jaia

Argantzongo zubiaren aurrean aurkeztu dute 2027ko jaia. ARABA EUSKARAZ

Ekainaren 13ko festak eta urte osoko egitasmoak Trebiñu eta Araba euskararen bidez lotzea dituzte helburu.

Lotuz lortu! goiburu, Argantzonen egingo dute 2027ko Araba Euskaraz jaia, ekainaren 13an, bertako ikastolak antolatuta eta Arabako gainerako zazpi ikastolen laguntzarekin. Unai Mendizabal Araba Euskaraz elkarteko lehendakariak eta Igone Zubizarreta Argantzon ikastolako zuzendariak gaur aurkeztu duten moduan, jaiak euskara indartzea, elkarlana bultzatzea eta Trebiñuren zein Arabaren arteko "loturak finkatzea" izango ditu xede nagusi.

Mendizabalek Trebiñu Arabari administratiboki lotzeko udaletan onartutako mozioak gogorarazi ditu, eta egitasmoak ere ekarpen hori egin nahi duela azaldu du, hezkuntzaren zein herritarren bidez. Argantzon ikastola 2003an sortu zen 11 familiarekin, eta egun 40-50 ikasle inguru ditu, euskara ardatz hartuta. Zubizarretak azpimarratu duenez, urte hau mugarria izango da proiektua Trebiñun nola indartu eta finkatu erabakitzeko, familiei euskarazko hezkuntza proiektu sendo bat eskaintzen jarraitzeko asmoz.

Lotuz lortu! leloak eta jaiak erabiliko duen irudiak komunitatearen indarra jarriko dute erdigunean. Logotipoak Argantzongo Erdi Aroko zubia du oinarri, muga geografiko zein administratiboen gainetik pertsonak eta herriak elkartzen dituen zubigintza irudikatuz. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago