Arabako ikastolentzat elkargune garrantzitsua da Araba Euskaraz, sarea sendotzeko ezinbesteko egitasmoa, Igone Zubizarreta (Izarra, 1988) Argantzon ikastolako zuzendarikideak nabarmendu duenez, hezkuntza proiektu bakoitzari hauspoa ematen jarraitzeko.
Nolako osasuna du Argantzon ikastolak?
Osasun ona. Azkeneko urteetan gure ikasle kopurua eta presentzia mantenduz joan gara. Badakigu jaiotza tasa oro har behera doala, eta horrek kezka sortzen du hezkuntzan, baina gure kasuan hemen inguruko herrietako haurrak gerturatzen dira urtero, eta kopuruei eutsi egin diegu.
Lehen Hezkuntza martxan jarri genuenetik, proiektuari egonkortasuna eman diogu. Momentu honetan, 0-12 urte bitarteko hezkuntza etapa osoa daukagu ikastolan, eta horrek osotasuna ematen dio eskaintzen dugun proiektu pedagogikoari.
Adin desberdinetako haurrekin osatzen dituzue gelak, ezta?
Gela bateratuak ditugu ikastolan; hau da, ez daukagu maila bakoitza irakasle bakar batekin. Adin nahasketa dago gelen barruan, eta uste dugu hori oso aberasgarria eta egokia dela haurrentzat. Azkenean, umeak jaiotza urtearen arabera sailkatzeko joera daukagu, baina errealitateak erakusten digu haur bakoitzak bere erritmoa duela eta bere garapen maila desberdina dela. Adin elkarketa horren bidez, haur bakoitzari une bakoitzean beharrezkoa duen erronka edo beharrezkoa duen materiala eskaintzen diogu. Urte berekoak izan arren, ikasle bakoitzak maila eta bilakaera bat daukalako. Talde txikiak ditugunez, gure ikasleak ezin hobeto ezagutzen ditugu eta badakigu momentu bakoitzean bakoitzak zer behar duen.
Zeintzuk dira Argantzon ikastolaren ardatz pedagokiko nagusiak?
Talde txikiak izatea eta adin elkarketa badira gure ikur esanguratsuak. Horrez gain, euskara eta euskal kultura dira gure ardatz nagusia, eta hori erabat bermatzen dugu. Pedagogikoki, ikasketa esanguratsua kontzeptua bultzatzen dugu. Horretarako, asko erabiltzen dugu material manipulatiboa. Konpetentzia bat lantzean, lehenengo materialarekin aritzen dira haurrak, eta behin kontzeptua ondo ulertzen dutenean, material horretatik idatzizko euskarrira pasatzen dute jasotakoa; errazagoa da gerora horretaz gogoratzea, ez da berehala ahazten zaizun ekintza mekanikoa. Gainera, garrantzi handia ematen diogu haurraren garapen osoari; ez dugu nahi gauza zehatz batean adituak izatea, pertsona bezala osotasunean garatzea baizik. Haur aktibo eta autonomoak sortzen saiatzen gara. Beren kuriositatetik eta dituzten esperientzietatik abiatuta jotzen saiatzen gara beti, baina, jakina, betiere curriculum ofizialaren barruan. Normalean ez dugu testu libururik jarraitzen, proiektuka egiten dugu lan. Adibidez, 5. eta 6. mailako ikasleak elkarrekin daude gelan. Tutoreak proiektu komun bat lantzen du taldean, eta gero 5. mailakoei maila bat exijituko die eta 6. mailakoei beste bat, baina biek proiektu bera garatzen dute elkarrekin.
"Guretzat oso garrantzitsua da ikastolak aurrera jarraitzea eta hasieran jarritako helburu zehatz hori betetzen jarraitzea, hau da, Trebiñun euskara bermatzea"
Gaur egun bi eraikin dituzue martxan. Nola bizi izan duzue bilakaera hori?
Ikastola sortu zenean, 2003an, bakarrik Haur Hezkuntza genuen. Garai hartan, familiek esaten ziguten proiektua motz geratzen zitzaiela, haurrek 6 urterekin ikastolatik atera behar zutelako eta beste leku batera joan. Hausnarketa sakon bat egin ostean, Lehen Hezkuntza martxan jartzea erabaki genuen. Baina bidean zailtasun handiak izan dira diru laguntzak jaso ahal izateko, eta testuinguru horretan hasi ginen Manzanoseko eraikinaren proiektuarekin. Momentu honetan, bi eraikinei esker, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza osoa eskaintzen dugu. Gure ikastola Trebiñun euskara bermatzeko sortu zen, eta beti esaten dugu: gure bihotza Trebiñun dugu, baina hanka bat kanpora atera behar izan genuen aurrera egin ahal izateko.
Zeintzuk dira helburu nagusiak?
Epe motzera, gure hezkuntza proiektua erabat egonkortzea. Eta aurrera begira, guretzat idealena eta naturalena litzateke Trebiñu Araba izatea administratiboki ere. Horrek asko erraztuko luke ikastola errotu ahal izatea.
Egunerokotasunean, muga administratibo horrek eragin zuzena dauka zuengan?
Bai. Orokorrean eskualdeko biztanle guztiei eragiten die gatazka administratibo honek, eta ikastola garen aldetik, guri ere bai. Familiek ere batzuetan arazoak dituzte zerbitzuak jasotzeko orduan. Gertatzen da ez daudela denak Trebiñun erroldatuta; batzuetan Gasteizen erroldatzen dira hezkuntzari edo osasunari begira Arabako zerbitzuak jaso ahal izateko. Guri ere zuzenean eragiten digu honek; adibidez, behar bereziak dituzten haurrekin topo egiten dugunean. Arabak bere irizpideak markatzen ditu eta Burgosek bereak, eta ikasleen erroldaren arabera, batzuetan arazo eta mugak ditugu haurrei arreta goiztiarra bezalako zerbitzuak bermatzeko.

Hamabi urte daramatzazu jada zuzendaritzan. Atzera begiratuta, nola ikusten duzu egindako bidea?
Pozik egoteko moduko ibilbidea. Urte hauetan guztietan ikusi dugulako ikastola pixkanaka handitzen eta sendotzen joan dela. Guretzat oso garrantzitsua da ikastolak aurrera jarraitzea eta hasieran jarritako helburu zehatz hori betetzen jarraitzea, hau da, Trebiñun euskara bermatzea. Lehen Hezkuntza martxan dagoenetik, jada lau belaunaldi oso atera dira ikastolatik. Ikastola nola handitzen doan ikustea, etapak gainditzen doazela ikustea... oso pozgarria da. Guretzat ezinbestekoa da herrian egotea, komunitatean egotea eta herrira ateratzea. Ikastola batek zentzua dauka inguruko umeak bertara baldin badatoz. Trebiñun euskara eta euskal kultura egoteak sekulako garrantzia dauka, eta hori da gure helbururik nagusienetarikoa.
Araba Euskarazek garrantzitsua izaten jarraitzen du Argantzon bezalako proiektuentzat?
Bai, oso garrantzitsua da. Gainera, azken urteetan formatua aldatu egin da: jaia ez da egun bakar batean zentralizatzen, eta urte osoan zehar ekintza desberdinak egiten dira batean eta bestean. Arabako ikastolentzat elkargune bikaina da, gure artean saretzeko modu bat. Ekintza horietara guztietara, Arabako euskara eragile desberdinak ere gerturatzen saiatzen gara, gure euskaltzaleen sarea gero eta handiagoa eta indartsuagoa egiteko.