Agurne Gaubeka

"Euskara ofiziala ez den tokietan ere betebehar batzuk daude"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko apirilaren 17a

Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria, Argantzonen. Argazkia: PHOT.OK

Trebiñun euskararen irakaskuntza bermatzeko betebeharra duela gogoratu dio Behatokiak Espainiako Gobernuari.

Trebiñuko herritarren talde batek eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak prentsaurrekoa eskaini dute asteon Argantzonen, lurraldean euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea galdegiteko. Gaztela eta Leongo administrazioari eta Espainiako gobernuari gogoratu die Gaubekak lurraldean euskara ofiziala ez den arren, Erregio edo gutxiengoen hizkuntzen Europako Itunaren printzipioak bete behar dituztela eta euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko neurriak hartzeko betebeharra dutela. 

Euskararen erabilera sustatzeko eta irakaskuntza publikoa bermatzeko exijitu duzue. Zein da gaur-gaurkoz panorama?

Argi eta garbi hemen dagoena da herri batek euskaraz bizi nahi duela, eta euskaraz bizi esaten dugunean euskaraz ikastea, euskara ikastea baita ere, eta euskaraz lan egin edo aisialdiaz euskaraz gozatzeaz. Gaurko aldarrikapena bazen ere euskara ofiziala ez den tokietan badaudela betebehar batzuk, giza eskubideez ari garelako. Gainera ari gara Europako erregioen hizkuntzen gutunean Espainiako Gobernuak hartu zituen konpromisoez, eta konpromiso horien artean aipatzen da nahiz eta lurralde batean gutxiengo hizkuntza ofiziala ez izan badituztela administrazio ezberdinek konpromisoak euskararen erabilera sustatzeko, eta baita ere irakaskuntza bultzatzeko eta irakaskuntzari oztopoak ezabatzeko. Ildo horretan, seigarren ebaluazioa egin zuen Europako kontseiluak eta ohartarazi zioten Espainiako gobernuari eta Gaztela eta Leongo gobernuari inongo informaziorik ez zutela eman egin zutenaren inguruan, izan ere azken urteetan ez da ezertxo ere egin euskararen irakaskuntza eta erabilera bultzatzeko Trebiñun. 

Zer gomendio egin dizkio Europak Espainiako Gobernuari?

Gomendioen artean argi eta garbi esan zitzaien informazioa pasatu behar zutela, eta bestetik plan bat eratu behar zutela Gaztela eta Leongo gobernuaren, Espainiako Gobernuaren eta Trebiñuko udalen artean euskararekiko irakaskuntza  bultzatu eta euskarazko erabilerarekiko zer egin duten azalduz. Oraingoz ez dago ezer, eta guk kezkaz bizi dugu esate baterako Trebiñuko haurreskolarekin eman den mugimendua, ikusten dugulako zer nolako kalteak ekar ditzakeen. Kasu honetan Trebiñuko udaletik eskumena pasatu da Gaztela eta Leongo kontseilaritzara, eta kontseilaritza horretan euskarak ez du inongo baliorik, ez bakarrik ofiziala ez dela, baizik eta ez dutela kontenplatzen hezkuntza plan bat euskara bultzatu ahal izateko, ez dute baliabiderik euskarazko irakaskuntza bultzatzeko. Ikusiko dugu haurreskolaren kasuan zer gertatzen den, baina gure ustez argi eta garbi dago blindatu egin behar dugula hori. Printzipioz esan dute mantenduko dutela, baina ikusiko dugu zeintzuk diren beraien asmoak.

Irakaskuntza publikoan ere oztopoak daude euskaraz ikasteko.

Haurreskolatik harago kezka dugu, baita ere, bestelako irakaskuntzarekiko. Irakaskuntza publikoan kanpora joan behar dira haurrak, nahiz eta hemen ikastetxe publikoa egon, baita ere ikastolak euskara ofiziala ez den lurralde batean ez dituelako baldintza ekonomiko zein bestelakoak izaten.

Trebiñuko euskara plana ere atzera bota zuen Burgosko auzi administrazioko epaitegiak.

Hori da. Epaitegietatik atzera bota zuten, eta aipatzen zen Gaztela eta Leongo lurraldean euskara ez dela ofiziala eta ez zela legezkoa izango estatus juridiko bat ematea edo neurri batzuk hartzea. Gu horrekin ere ez gaude ados Europako printzipio horiek urratuko zituelako, baina gaur gaurkoz hori da daukagun panorama.

Lau eskakizun egin dizkiezue administrazioei. Zer eskatu duzue zehazki?

Kontseiluak egin dituen eskakizunak dira Europako Kontseiluak eskatu dionaren harira euskara sustatzeko plan hori eratzeko, baita informazio guztia pasatzeko ere. Halaber, euskararen irakaskuntza bermatzeko, batik bat haurreskolan behar diren medio guztiak ezartzeko, eta baita ikastolari eta helduen euskalduntzeari beharrezko finantzaketa eta babesa bermatzea ere.

Eskaera horiek administrazioei helarazteko bilerak eskatu dituzue?

Gure asmoa da Gaztela eta Leongo gobernua eratzen denean Kultura zuzendaritzarekin eta Hezkuntza kontseilaritzarekin harremanetan jartzea eta gure kezka helaraztea. Gainera, Behatokitik ere kontaktuan jarriko gara Espainiako Gobernuko Kultura ministerioarekin Europako betebehar horiek gogoratzeko eta galdetzeko zer egiteko prest dauden. 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago