Ramiro Gonzalezek lau urte eman dizkio gehienez Burgosi Trebiñu arabartzeko

Jon Hidalgo 2025eko azaroaren 5a

Gonzalezek Burgosko presidentearen aurka egin du osoko bilkuran. Argazkia: AFA

EAJ eta EH Bilduren galderei erantzunez, Trebiñuko herritarren borondatea errespetatzeko eskatu du diputatuak, eta Burgosko presidentearen jarrera kritikatu du.

Gaur goizeko Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran Trebiñu izan dute hizpide, aurten iraungiko delako Trebiñuri buruzko Araba eta Burgosen arteko hitzarmena. EH Bilduk eta EAJk, biek egin dute Trebiñu Araban integratzeko prozesua indartzearen alde, "zabaldu den abagunea probestuta", eta biek kritikatu dute Burgosko Gobernuaren jarrera inmobilista. 

EAJk eta EH Bilduk galdera bana egin diote Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari, aldundiaren asmoen inguruan. Gonzalezek adierazi du bere asmoa dela berriz ere luzatzea Trebiñuko bizilagunei zerbitzuak eskaintzeko Burgosekin egindako akordioa, baina azken aldiz, eta datozen lau urteetan gauzatzea Trebiñu ofizialki Araban sartzeko prozesua. Hala adierazi zion abenduan Burgosko diputazioko presidenteari. 

EH Bilduk akordioetara heltzeko prestutasuna adierazi du, eta eztabaida "ikuspegi historikoz, enpatiaz eta erantzukizun politikoz" hartu beharra aldarrikatu. Pausoak eskatu dizkio aldundiari, eta ohartarazi du neurririk ez hartzea ez dela aukera bat. Burgosen erresistentzia handiak daudela adierazi du, salatu du egun indarrean dauden hitzarmenak kaltegarriak izan daitezkeela, eta Burgosko Diputazioari komenigarria zaiola akordioa mantentzea.

Hitzarmenen azken aroa

Gonzalezek ere esan du erosoegia izaten ari dela egungo egoera Burgosko Diputazioarentzat. "Ez ditu zerbitzuak eskaini behar, eta ez du pausorik ematen integraziorantz". Salbuespenezkoa den egoera normalizatzearen aurka egin du, eta horregatik azaldu du, presio neurri gisa, ez dituela Burgosekin sinatutako hitzarmen guztiak berrituko. Pertsonentzako zerbitzuei dagozkienak bai, baina bestelako inbertsioei buruzko bi akordio bertan behera utziko ditu aldundiak, "Burgosek egin behar" dituelakoan.

2014an Espainiako Diputatuen Kongresuak bertan behera utzi zuen Eusko Legebiltzarrak egindako proposamena, integrazioari behin-behinean atea itxiz. Ondorioz, 2017an Arabako Foru Aldundiak akordioak egin zituen Burgosko Diputazioarekin, Trebiñuko biztanleek zerbitzuak jasotzeko zituzten arazoak konpondu asmoz, Gonzalezen hitzetan. Baina, diputatuak gogorarazi bezala, aldi baterako izaera zuten akordio hauek, hala jaso zen berariaz hitzarmenetan. Asmoa zen akordioek soilik irautea Trebiñu Araban integratzeko prozesua burutu bitartean. "Burgosek onartu zuen egoera ezohikoa zela, eta pausoak eman behar zirela normalizaziora bidean".

2021ean iraungitzekoak ziren hitzarmenak, baina beste lau urterako berritu ziren, berriz ere espreski adierazita zuten behin-behineko izaera. 2025ean, akordioak berriz iraungiko diren honetan, Burgosko Diputazioak jarrera gogortu du integrazioaren inguruan. PPren proposamen baten harira, uztailean mozio bat onartu zuten "Burgosko probintziaren lurralde-integritatearen defentsan". Eztabaida hartan hainbat diputatuk, presidenteak batez ere, "adierazpen onartezinak" egin zituzten Trebiñuren integrazioari buruz eta Arabako aldundiaren aurka, Gonzalezen esanetan, zalantzan jarriaz Arabako foruak eta esanez haiek bakean uzteko.

Irailean Trebiñun ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek, PPk izan ezik, integrazioaren aldeko mahaia osatu dute. EAJk eta EH Bilduk albiste ona dela adierazi dute, eta babesa eta laguntza eskaini dizkiote mahaiari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago