Haur eskolan, euskara hari batean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko urriaren 23a

Armentiako Bentetan dago 2011tik Trebiñuko haur eskola. Argazkia: TREBIÑUKO UDALA

Sorreratik euskaraz eta gaztelaniaz jardun duen Trebiñuko Konderriko haur eskola Gaztela eta Leongo sarean sartzea erabaki du udalak. EH Bilduk ohartarazi du arriskuan egon daitekeela euskarazko eskaintza.

Trebiñuko haur eskola Gaztela eta Leongo Juntaren sarean sartzeko hitzarmena onartu berri du Trebiñuko Udalak. EH Bilduk ohartarazi du urteetan udalaren menpekoa izan den zentroak eskaini duen euskarazko lerroa arriskuan dagoela. "Herritarren eskubideetan beste atzerapauso bat bezala ikusten dugu aldaketa, gure lurraldean euskararentzat atzerapauso berri bat bezala, eta zoritxarrez azkena izango ez den beldur gara", esan du Ritxar Astegieta koalizio abertzalearen zinegotziak.

Iragan osteguneko udal osoko bilkuran onartu zuten akordioa Trebiñuko Konderriko udal gobernu taldearen aldeko botoekin (3 TDD eta 2 PP). EH Bilduko zinegotziak eta AICTko zinegotzi batek hitzarmen berriaren kontra bozkatu zuten, eta AICTko beste zinegotzi bat abstenitu egin zen.

EH Bilduko zinegotziak osoko bilkuran egindako galderei erantzunez, udal gobernuak ziurtatu du hemendik aurrera Trebiñuko haur eskola Gaztela eta Leongo Juntaren menpe egon arren, euskarak komunikazio hizkuntza izaten jarraituko duela zentroan. Gaztela eta Leondik euskara haur eskolatik kentzeko arriskua dagoenik ukatu du udal gobernuak, eta hala gertatuz gero kontra egingo dutela ziurtatu dute.

Hitzarmenak ez du ezer aipatzen euskararen inguruan

Halere, udal gobernuak aitortu du Gaztela eta Leonekin sinatutako hitzarmenean ez dutela jaso euskararen presentziari eusteko inolako bermerik.

EH Bildurentzat hor dago gakoa, eta arbuiatu dute idatziz ez jasotzea euskara komunikazio hizkuntza bezala mantenduko dutela. Astegietak azaldu duenez, haur eskola sortu zenetik Trebiñuko Konderriko Udalarentzat "funtsezkoa" izan da beti euskarak haur eskolaren irakaskuntzan izan duen presentzia. "Eta egin diren lizitazioetan funtsezko irizpidetzat hartu da beti euskara", azpimarratu du.

Haur eskola Gaztela eta Leongo haur eskolen sarean sartzea "kezkagarria" eta "arriskutsua" dela nabarmendu du Astegietak, "euskarak gure seme-alaben hezkuntzan jarraitzea nahi dugulako". Astegietaren irudikoz, udal gobernuaren erabakiarekin denak berdin jarraitzea gerta daiteke, "baina horrek esan nahi du dena aldatzea ere gerta daitekeela, eta horren beldur gara".

2003tik, euskaraz

Haur eskola 2003an sortu zuen udalak Franku herrian, Eusko Jaurlaritzak diruz lagunduta. Sorreratik, euskaraz eta gaztelaniaz jardun du. Irakasle begiraleak hartu ziren lehen urteetan, euskaraz zekitenak, eta are, EGA agiriaren jabe zirenak, "EAEn eskatzen zena baino gehiago", trebiñarrek  gogoratzen dutenez. Ume mordoa joaten zen haur eskolara. 2011n, berriz, Trebiñuko udal gobernuak haur eskola Frankutik Armentiako Bentetara mugitu zuen.

Orain arte bezala, haur eskolak  0 eta 3 urte bitarteko haurrak artatuko ditu, eta guztira 41 plaza eskainiko ditu: 0 eta 1 urte bitartekoentzako zortzi plaza, 1 eta 2 urte bitartekoentzako hamahiru plaza, eta 2 eta 3 urte bitartekoentzako hogei.

Gaztela eta Leongo Juntak eta Trebiñuko Udalak berriki sinatu duten hitzarmenaren arabera, eskolak udalaren titulartasunekoa izaten jarraituko du. Trebiñuko Udalak eraikinaren mantentze lanak eta beharrezko baliabideak bere gain hartuko ditu, baita zentroko langileen kontratazioa eta kudeaketa ekonomikoa ere.

"Funtsezkoa izan da beti euskara haur eskolan"

Ritxar Astegieta, EH Bildu

Bestalde, Gaztela eta Leongo Hezkuntza Sailak zentroaren sorrera juridikoa bultzatuko du, eta Burgosko Hezkuntza Zuzendaritza Probintzialaren bidezko ikuskaritza eta jarraipena izango du eskolak. Halaber, Gaztela eta Leongo hezkuntzako lehen zikloari dagozkion irakaskuntzak ezarriko dituzte Trebiñuko haur eskolan, eta erkidego horren haur hezkuntzaren antolamendua eta curriculuma.

Hartara, irailaren 29ko 37/2022 Dekretuaren 16. atalean jasotzen da hezkuntza arloko eskumena duen sailak "beste autonomia erkidego batzuetako eduki eta hizkuntza koofizialen ikaskuntza integraturako metodologien erabilera" ezarri ahal izango duela. Alta, hitzarmenak ez du ezer aipatzen euskararen presentziaren inguruan.

Lau urterako

Irailean sinatu zuten hitzarmenak, orain udalak berretsi duena, lau urteko iraupena izango du, eta beste lau urterako luzatu ahal izango da bi aldeek hala adostuz gero. Gainera, jarraipen batzorde bat sortuko da, bi erakundeen ordezkariek osatua, proiektuaren garapena gainbegiratzeko eta sor daitezkeen arazoak konpontzeko.

Hezkuntza kontseilariak adierazi duenez, proiektu hau "Gaztela eta Leongo lehen haurtzaroko hezkuntza eskaintza handitzeko konpromisoaren parte da", eta Trebiñuko alkateak azpimarratu du "eskualdeko familientzat aukera berri eta beharrezko bat" izango dela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago