Trebiñuko hitzarmenek ez dute populazioaren isuria gelditu

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025ko mar. 7a, 08:00

Trebiñuko Konderriko osasun etxea. Argazkia: PHOT.OK

Araba eta Burgos artean 2017tik indarrean dauden hitzarmenak huts egiten ari direla esan du Trebiñuko Agrupación independiente taldeak. Araban erroldatzen jarraitzen dute trebiñarrek "lasai sentitzeko".

1998ko martxoaren 8an Trebiñuko enklabea Araban integratzeari buruzko herri galdeketa egin zen. Ordurarte egindako edozein bozketatan baino parte hartze handiagoa eman zen, eta Trebiñuko gehiengo zabal batek integrazioaren aldeko botoa eman zuen. 27 urte igaro dira, eta Burgosko administrazioaren menpe jarraitzen du Trebiñuk.

2017ko apirilaren 24an, berriz, Arabako Foru Aldundiaren eta Burgosko Aldundiaren arteko lankidetzarako esparru akordioa sinatu zuten, Trebiñuko bizilagunei zerbitzuak emateko zazpi hitzarmen biltzen dituena. Akordioa lau urtera berritu dute administrazioek, eta 2021ean, gainera, zazpitik hamalaura igaro dira zerbitzuak emateko hitzarmenak.

"Asko ez dira lasai sentitzen enklabean erroldatuta, eta, badaezpada, gehienak Gasteizen erroldatuta daude"

Trebiñuko lurralde auziari behin betiko irtenbidea ematen zitzaion bitartean, Arabako aldundiak planteatu zuen zerbitzuak Burgosko diputazioarekin partekatzea, eta trebiñarrek egunerokoan pairatzen dituzten zerbitzuen gabeziak nolabait konpontzea. Alta, panazea balira bezala aurkeztu ziren hitzarmenak huts egiten ari dira. Hala azaldu dute Trebiñuko Agrupación Independiente taldeko zinegotziek, Yolanda Urartek eta David Dulantok, Arabako Batzar Nagusietan egin duten agerraldian. Azpimarratu dutenez, etsipenez begiratzen diote trebiñarrek Araba eta Burgos arteko akordioari, betiko arazoak betikotu direlako, eta erroldatutakoen zenbatekoa gero eta urriagoa delako.

Errolda, argaltzen

"4.000 biztanle errealetatik 2.000 inguru baino ez daude erroldatuta. Asko ez dira lasai sentitzen enklabean erroldatuta, eta, badaezpada, gehienak Gasteizen erroldatuta daude. Horrek ondo adierazten du zein eraginkorrak diren hitzarmenak, eta nolako fedea dagoen hitzarmen horiek benetan betetzeko", esan du Dulantok. Urartek bere aldetik kritikatu du Trebiñun arazoren bat dagoenean beti esaten zaiela ez dela ezer gertatzen, eta horretarako hitzarmenak daudela, guztia konponduko balute bezala. "Informazioaren aroan, auzi honi buruzko eta Trebiñuko herritarrei buruz hartzen diren erabakien gaineko desinformazioa erabatekoa da", esan du Urartek.

Zinegotziaren arabera, Trebiñuko auzi anakronikoak ikasleek pairatzen dute, lehenbizi. Izan ere, EHUn egin ditzakete unibertsitate ikasketak eta ikasketa profesionalak, baina ezin dituzte Eusko Jaurlaritzaren unibertsitate bekak eskuratu, ez baitaude EAEn erroldatuta. Trebiñun erroldatuta daude. Gaztela eta Leongo Juntaren bekak ere ezin dituzte eskuratu, ez dutelako erkidego horretan ikasten. Gainera, graduatuek ezin dute graduondoko bekarik edo ikerketa bekarik jaso, EAEn erroldatuta ez daudelako, trebiñarrak direlako, eta Eusko Jaurlaritzaren eta EHUren deialdiek EAEn erroldatuta egotea eskatzen dute. "Duela lau urte, Eusko Jaurlaritzak ziurtatu zuen egin zitekeena egingo zuela, baina ez da mugimendurik egon", esan du Urartek.

Osasun arretaren trabak

Gaztela eta Leongo eta EAEko administrazioek trebiñarrei eskaintzen dieten osasun arreta partekatuak ere arazoak sortu ditu enklabean. "Logopeda bat, tratamendu onkologiko espezializatu bat edo Osakidetzarekin itundutako zentro pribaturen bateko zerbitzu bat behar denean, arazoak sortzen dira. Izan ere, euskal osasun zerbitzuak dio hori jada ez dagokigula, ez gaudelako Araban erroldatuta. Kasu horietan bi aukera daude. Burgosko edo Salamancako erreferentzia zentroetara joatea, edo Araban erroldatzea". Urartek azaldu duenez, osasun txartelarekin ere arazo ugari dituzte trebiñarrek. Gaztela eta Leongo Juntaren txartela dute, eta Osakidetzako zerbitzuren batean errezeta elektronikoa ematen dietenean ez da txartelan jasotzen, erkidego desberdinetakoak direlako.

"Informazioaren aroan, Trebiñuko herritarrei buruz hartzen diren erabakien gaineko desinformazioa erabatekoa da"

Adinekoen arretarako eguneko zentroak erabiltzeko ere arazoak dituzte trebiñarrek. Urartek azal- du duenez, Konderrian ez dago eguneko zentro publikorik; baina bai Lagranen, adibidez. "Trebiñuko zenbait bizilagunek zentro horretara joan beharko lukete, hurbiltasunagatik, kostuengatik eta osasunagatik, baina ezin da akordiorik egin autonomia erkidego desberdinetako udalen artean, eta irtenbidea, berriro ere, Araban erroldatzea da", nabarmendu du Urartek.

Errepideen kudeaketan dauden eskumenen nahasketak ere oztopatzen jarraitzen du hainbat erre- pideren konponketak. Pariza eta Urarte herrien arteko kasua da. "Burgosko Diputazioak dio ez dagoela bere inbentarioan, eta Arabakoak ez dela beraiena. Arabako eta Trebiñuko herritarrak pasatzen dira bertatik".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago