Solaria enpresak sustatutako Santurce Solar 01 parke fotovoltaikoaren kontra azaldu dira Trebiñuko dozenaka eragile eta instituzio, eta, hori aldarrikatzeko, manifestazioa egingo dute Argantzonen larunbatean, otsailaren 15ean. Deitzaileen artean, Argantzongo eta Trebiñuko Udalak daude. Horiekin batera, ekimenak eskualdeko 21 alkate-auzo, kontzeju eta batzar administratiboren babesa jaso du, bai eta 24 talde eta elkarteena ere. UAGA zein ATACA sindikatuek ere bertaratzeko deia egin dute.
Argantzun Horrela Ez taldeko sustatzaileen esanetan, ekimenarekin udalerria "salgai ez dagoela argi uzteko" helburua dute. Diotenez, "trantsizio energetiko justu, iraunkor eta parte hartzailea" eskatu nahi dute, pertsonak eta lurraldea "errespetatuko dituena". Sinetsita daude parke fotovoltaikoa "mehatxu zuzena" dela ingurugiroarentzat, eta "kapitalismo berdearen" atzean "ezkutatuta" dagoela. "Energia berriztagarriak errentagarri bihurtzea du helburu, Solaria bezalako korporazio handien mesedetan, tokiko beharrak eta sortzen duen inpaktu ekosoziala kontuan hartu gabe".
Ia lurren heren bat
Biodibertsitatea galduko dela diote, laborantzako lurren, baso masen eta larreen "ia heren bati eraginez". Sozioekonomiaren alorrean ere arazoak ikusten dituzte, lurralde kohesioa, baliabide naturalak eta tokiko nekazaritza ustiategien "bideragarritasuna mehatxatzen" dituelako. Martxa 12:00etan aterako da, Argantzongo plazatik. Aurreratu dute manifestazioaren amaieran komunikatu bat irakurriko dutela. Horrez gain, musika, dantzak eta txokolate beroa ere egongo dira. Joango diren lagun guztiak Horrela Ez banderak eramatera animatu dituzte, herritarren "oposizioaren batasuna eta indarra erakusteko".