Eskualdean zehar ibiltzeko sei ibilbide zirkular jaso ditu Trebiñuko Udalak argitaratutako gida txiki batek. Hamabi orrialdez osatutako eskuorriaren bitartez ohiko ibilbideetatik aldetzen diren sei proposamen jaso dituzte: Morgas-San Formerio, Trebiñu-Bustu-Kutxu, Eskolako Ibilbidea, Moskator-Dordoniz-San Andres baseliza, Taravero-Moraza eta Bagatzederra.
Horren zabalduta dauden ohiko bideez harago, lanaren oinarrian historian zehar erabili diren bide tradizionalak egon dira. Gidan bertan azaldu dutenez, "antzinako bidexka eta bideek hango jendea batzen zuten, eta inguruko lurraldeen arteko komunikabide gisa erabiltzen ziren". Historian zehar hala izanik ere, gaur egun bide horietako asko galdu direla azaldu dute, eta, horregatik, udalak horiek berreskuratu nahi izan ditu.
Interneten eskuragarri egoteaz gain, eskuorriaren mila ale inprimatu dituzte, eta, besteak beste, bide horien abiapuntu diren batzar administratiboetan banatzen ari dira, bertara hurbiltzen direnek bide horiek lehen eskutik ezagutzeko laguntza izan dezaten.
Ibilbide bakoitzean QR kode bat sartu dute, mendizaleen artean estandar bat bihurtu den Wikiloc aplikazioan sartutako ibilbideetara eramaten dutenak. Horrez gain, euskaraz eta gaztelerak egindako ibilbidearen deskripzioei altimetria ere gehitu diote.
Herritarren laguntza
Bide horiek berreskuratzeko inguruko biztanleen laguntza izan duela nabarmendu du ibilbideak eta testuak prestatu dituen Hodei del Olmo Ingurumen teknikariak. "Adibidez, kasu batean, Granvidaleko eskolara joateko umeek erabiltzen zuten bidearen berri eman didate inguruetako biztanleek, eta horregatik eman diogu izen hori", azaldu du Del Olmok.
Ibilbideetan zehar disfrutatu daitezkeen ondare eta natura paisaien testuingurua argitzeko, berriz, Ibita Trebiñuko Ikasketen Institutuaren laguntza izan dute. "Askotan kolaboratu dute udalarekin, eta asko dakite inguruko historia, kultura eta naturari buruz". Ibilbideen inguruan jasotako informazio hori asko laburtu behar izan duen arren, Del Olmok aurreratu du informazio guztia pixkanaka webgunera eramango dutela.