Trebiñu Arabara batzeko bidea "luzea eta nekeza" bada ere, danbatekoak tarteko, ezinbesteko eskaera dela gogoratu du Pablo Ortiz de Latierro (Gasteiz, 1974) Argantzungo alkateak, herritarren egunerokoan eragina duen erabakia, eta hori lortzeko EH Bildutik proposamen berriekin jarraituko dutela berretsi du. "Danbateko horiek askotan jaso ditugu, baina horregatik ez dugu atzera egingo".
Aurten Gaztela eta Leongo Juntan izan diren aldaketek nola eragin diote Trebiñuko barrendegiari?
Gobernuan alderdi ultraeskuindar bat izatea ez da albiste ona inorentzat, eta are gutxiago guretzat. Erkidegoa aldatzea da gure nahia, eta esaten dutenaren arabera, errazago ez dugu izango, zailago baizik. Lurralde kohesioa bermatu nahi dutela berretsi dute, eta, beraz, PPrekin baino zailtasun handiagoak izango ditugu.
Bitartean, Trebiñu Arabara batzeko bi udalek adostutako ekinaldia zertan da?
Bi udalen arteko hizketaldiak hasita genituen, baina tartean Trebiñuko alkatearen dimisioa izan da, eta horrek atzeratu egin du dena. Prozesua berriz abian jartzeko mahaia antolatu behar dugu. Laster hastea espero dugu.
Akordio bateratu hori ere bertan behera uzteko eskatu zuen Juntak.
Argantzongo Udalaren bilkurak errekerimenduari uko egitea eta agindua atzera botatzea erabaki zuen. Alegazioa bidali genuen, eta azkenik espedientea artxibatzea erabaki zuen Juntak, prozesua martxan jartzeko onartutako adierazpena legezkoa zelakoan.
Hainbeste urteren ostean, zaila da borroka horri eustea?
Ez da erraza mantentzea. Halere, ekinaldiak ez dira falta. Trebiñu Araba Da plataforma berriz ere martxan jarri dute hainbat herritarrek urte hasieran, eta horrek ekarri du gaia berreskuratu eta mahai gainean jartzea. Nekea sumatzen da batzuen aldetik, baina badaude eusteko indarra dutenak ere. Oraintxe mahaia osatuko da, eta hor erabakiko dute herritarrek zer pauso eman, zer plagintza egin nahi den, herri kontsultarik izango den... Ideiak baditugu, baina horiek mahaira eramango ditugu. Denon artean erabakiko dugu zer egin. Askotan jaso ditugu danbatekoak, Espainiako Kongresuan esate baterako, baina horregatik ez dugu atzera egingo; beste proposamen batzuk aurkeztuko ditugu.
"Diputazioen arteko hitzarmenak adabakiak dira; denok dakigu irtenbidea zein den"
Udalen artean adostutako euskara plana ere bertan behera utzi zuen Juntak.
Bost ardatz nagusi zituen planak, eta Juntatik esan ziguten hezkuntza eta administrazioari dagozkion ataletan ezin genuela eskurik sartu. Orain, horiek egokituta, eta aldaketa batzuk eginda, plan berri bat prestatzen ari gara. Legealdi honetan aurrera ateratzen saiatuko gara. Halere, euskarak pausoak ematen jarraitzen du udalerrian; inkesta soziolinguistikoak hemen jaso dituen datuak eta EAEn izaten direnak oso emaitza antzekoak utzi ditu, erabileran falta da beharrezko bultzada, baina aurrera egiten ari gara.
Diputazioen arteko hitzarmenak nahikoa berme dira?
Iaz berritu zuten Arabako eta Burgosko diputazioek kolaborazio hitzarmena, eta Arabatik ea ekarpenik egingo genuen galdetu ziguten. Hamalau ataletan kolaboratzea zehazten zuen hitzarmenak, baina azkenean zortzi baino ez dituzte sinatu, Burgosko diputazioaren eskumenekoak ez direlako besteak. Azken finean, kolaborazioa da, baina ez dira irtenbidea, adabaki bat baizik. Denok dakigu egoera honen irtenbidea zein den.
Zein da egoera honek dakarren gabezia handiena?
Hainbat alorretan nabari dira gabeziak, eta ez bakarrik Trebiñuko herritarrentzat, baita Arabako gainerakoentzat ere. Mendialdea, Arabako Errioxa eta Añanakoek, esate baterako, bertatik pasa behar dute eskualde horietatik mugitzeko, eta errepidean bertan nabaritzen da; elurrarekin gerta daiteke Arabako zatia garbi egotea eta Trebiñukoa ez, edo alderantziz. Koordinazio falta hori azkenean herritarrok sufritzen dugu.
Erroldan dagoen desoreka ere nabari duzue?
Bai, noski. Azken batean, diru kopuru bat ematen digute erroldatuta dauden lagunen arabera, eta diru hori biztanle gehiagoren artean erabili behar dugu gure kasuan. Erroldatuta 520 bat izango dira, baina 800 bat bizi dira benetan, eta Trebiñun handiagoa da alde hori. Horiek ere herrian bizi dira, noski, eta zerbitzuak eskaini behar dizkiegu.
Epe motzera, zein helburu du Udalak?
Aurrekontuak betetzea izango da zeregina. Legealdiari gutxi geratzen zaio, gainera, eta hurrengo urtekoak prestatzen hasi behar dugu. Energiaren krisiak prezioak garestitu ditu, nabaritu dugu, eta horren arabera ere egokitu beharko dugu. Epe ertainera, erronka garrantzitsuenetako batzuk ingurunea eta energiari lotutakoak izango dira: errota zaharrean zentral hidraulikoa martxan jartzea eta eguzki panelak frontoian; Europako funtsetatik plaka fotovoltaikoak jartzeko eskatu genuen, eta hurrengo urterako izan daitezke; Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, bestalde, jakinarazi zigun baimena emango zigula errotan zentral hidrauliko bat jartzeko, baina oraindik behin behineko baimenik ez daukagu.
Eguneko zentro bat ere baduzue egitasmoen artean, ezta?
Erromesen ospitala dugu, eta bertan jarri nahiko genuke eguneko zentroa. Berrikuntza lanak egin ziren, eta orain barrutik egokitzea falta da. Juntari eskatu genion bilera bat gure proposamena azaltzeko, baina momentuz ez dugu erantzunik jaso. Momentu honetan, edadetuen aldetik, eskaera ez da oso handia, baina ikusten ari gara hurrengo zortzi edo hamar urteetan biztanleriaren %25a baino gehiago 65 urtetik gorakoa izango dela. Halako egitasmoak badakigu ez direla bi hilabetean martxan jartzen, eta prestatzen hasi behar dugu.
Alkate gisa lehen aldia duzu. Nolakoa izan da agintaldia?
Erraza ez da izan. 2019ko ekainean hasi, eta zazpi hilabetera heldu zen pandemia, eta ia bi urte horrekin. Hasiera batean ideia batzuk genituen, eta ezin izan dugu azkenean dena bete, baina saiatuko gara horiei heltzen, aipatutako ingurumen gai horiei batik bat. Orokorrean ona izan dela esango nuke, zailtasunak zailtasun; EAJrekin ere harreman ona izan da, gure tirabirak izan ditugun arren, batez ere aurrekontuen inguruan.
Aginte makilarekin errepikatzeko gogorik bai?
Garaiaren arabera, batzuetan aurrera egingo nuke, eta beste batzuetan alde batera. Dena den, oraindik ez dakit zer egingo dugun. Hori Argantzungo EH Bilduko kideek erabakiko dute.
Bien bitartean, herriko jaiak dituzue ate joka.
Jendea gogoz dago, azken urteetako etenaren ostean. Duela gutxi kandelen gaua ospatu genuen, eta jende ugari batu zen, giro onean. Jaietan ere hala izatea espero dugu.