Garraio publikoak asetzen ez dituen Trebiñuko Konderriko eta Argantzongo herritarren beharrei erantzuteko, Kudea Go! izeneko aplikazioa martxan jarri dute bertako udalek. Yolanda Urarte (Argote, 1968) Trebiñuko Ingurumen eta Iraunkortasun zinegotziak sustatu du egitasmoa. Azpimarratu duenez, aplikazioaren bertuterik onena da, mugikortasunaren hainbat arazo konpontzeaz gainera, herritarrak elkar ezagutzeko aukera ematen duela. Aplikazioa bi hizkuntzatan erabil daiteke, gaztelaniaz eta euskaraz, eta dagoeneko eskuragarri dago App Store eta Google Play-n interesa dutenentzat.
Nola sortu da asmoa?
Bizilagun batzuek, gehienak emakumeak, modu partikularrean esan zidaten zerbait egin behar genuela udaletik, herritaren artean kotxea partekatzea bultzatzeko. Bestalde, ni eta nire senarra autoa partitzeko whatsapp talde batean parte hartzen ari gara, eta seme-alabak Gasteiza institutura eraman behar ditugunean edo gazteak garraio publikoaren ordutegiarekin konpontzen ez direnean, gure artean moldatzen gara.
Beharra ikusten zen, beraz?
Bai. Gainera, udaletik garapen jasangarrirako Agenda 2030 bultzatzeko konpromisoa hartu dugu, eta, horren harira, mugikortasuna hobetu nahi dugu.
Zein da garraio publikoaren arazo nagusia Trebiñun?
Gasteiza mugitzea. Trebiñuko herrien artean dauden eguneko mugimenduak nik uste dut bermatuta daudela Arabako aldundiaren eskualdeko garraioarekin. Trebiñura medikura edo kudeaketak egitera joan behar baldin bada, egunean hamar ordutegi daude joateko eta beste hamar itzultzeko. Ni, Trebiñun zinegotzia izateaz gainera, taxista naiz, eta uste dut zerbitzua nahiko ona dela. Aldiz, Gasteizen, txandaka lan egiten duen jendea edo hiriburura edozein jarduera egitera edo zinemara joaten direnak autobusaren ordutegietatik kanpo geratzen dira. Eta gazteak bereziki asteburuetan Gasteiza joan nahi badute, itzultzeko azken autobusa 20:00etan dute. Horregatik, askotan, Gasteizko mendatean gurutzatzen gara Trebiñuko herri desberdinetakoak gazteak eramaten.
Herriko taxista zaren aldetik, ez duzu konpetentzia arriskua ikusten?
Ni eta herriko beste emakume bat aritzen gara taxista bezala Trebiñun, eta ez dugu arrisku hori ikusten. Inork ez daki, agian gerta daiteke guri joan-etorri batzuk murriztea, baina era berean, gerta daiteke ere orain arte garraio publikoari buruzko informazioa ez zuen jendea eta bere auto pribatua erabiltzen zuena eskaera bidezko garraioa erabiltzen hastea. Zinegotzi bezala oso argi dut garraio publikoa sustatu beharra dagoela, are gehiago krisi energetikoaren testuinguru honetan, eta gizarte bezala gure denboraren eta baliabideen erabilera jasangarriagoa egin behar dugula.
Zer eskaintzen dizue Kudea Go! plataformak?
Aukera ematen digu garraioaren behar horiei erantzuteko modu kolektiboan. Horrelako plataforma bat udaletik, gure kabuz, martxan jartzea oso zaila iruditzen zitzaidan, baina Kudea Go! plataforma oso interesgarria da. Atxikitzen dira udalak; plataforman parte hartzeko udala izan behar da, ez da norbanakoen plataforma bat, eta gainera udalak eskatzen zuena baino gehiago ematen du plataforma honek.
Zer aurkitu dezekete trebiñarrek aplikazioan?
Garraio publikoarekin dagoen arazo bat da ez dugula ezagutzen, eta ez dugula erabiltzen ordutegi guztiak jakiteko toki desberdinetara deitzen ibili behar dugulako. Bada, aplikazioan, udalerrian dagoen garraio publiko guztiaren informazioa dago, modu erraz batean ikusteko. Gainera, errepidean dauden gorabeherak ere jasotzen ditu aplikazoak: elurra, izotza, obrak, animaliak… Erabiltzaileek ikusten dituzten arazoen berri eman dezakete plataforma horren bidez. Eta oso garrantzitsua iruditzen zaidan hirugarren gauza bat du aplikazioak: udalerriko jendea harremanetan jartzen duela. Sarritan, ez ditugu ondoko herrietan bizi direnak ezagutzen, eta Kudea Go! oso tresna egokia da horren sakabanatuta dagoen udalerri batean – 47 herri ditugu–, ondoan ditugun herrikideak ezagutzeko.
Funtzio soziala du, beraz, aplikazio honek?
Herrietan, mugikortasuna, garraioa, ezinbestekoak dira, eta hemen, gainera, joan-etorri asko egiten dira; beraz, aplikazioa tresna ona da adin desberdinetako eta herri desberdinetako bizilagunak elkarrekin lotzeko. Askotan formulak bilatzen ditugu belaunaldi desberdinetako lagunak elkarrekin erlazionatzeko, eta gure kasuan, garraioa izan daiteke hori lortzeko modu naturala.
Zer diferentzia dago autoa partekatzeko beste plataforma batzuekin?
Gurean gakoa beharra da. Joan-etorri baten beharra duenak jartzen du abisua, eta ez joan-etorri bat egingo duenak. Modu horretan, zarata saihesten dugu. Halaber, joateko edo itzultzeko bidaia beti izan behar da Trebiñuko herri bat; eta printzipioz, ez dago transakzio ekonomikorik, beste plataforma batzuetan bezala. Behin abisua jartzen denean, erabiltzaileen arteko elkarrizketa txat bidez egiten da, eta pribatua da; aplikazioan ikusten den bakarra ibilbidea da. Beraz, haien artean adostu dezakete nola moldatuko diren, gasolina erdi bana ordaintzen, arrautzak trukatzen edo nahi dutena.
Aurkezpena egin da Argantzonen eta Trebiñuko Konderrian eta informazioa helarazi diozue bizilagunei. Nolako harrera izan du?
Herriko alkate guztiei bidali diegu informazioa, hitzaldiak egin ditugu bi udalerrietan, eta udalek duten whatsapp taldeen bidez ere zabaldu dugu aplikazioa. Goiz da jakiteko erantzuna nolakoa izango den, hiru egun bakarrik daramatza martxan aplikazioak; eta gainera udako hilabeteak bereziak dira, jende gehiago dagoelako herrietan, eta etxeetan kotxe gehiago dago eta hobeto moldatzen dira mugitzeko. Horregatik, nahiago dugu irailera arte itxaron bigarren informazio kanpaina bat egiteko. Halaber, asmoa dugu udazkenera begira lehen balantze bat egitea, datu zehatzekin: adina, herria eta bidaien kopurua. Enpresarekin hiru urteko kontratua dugu; epe horretan zerbitzua funtzionatzen duen ikusiko da.