Beste irakasle eta ikasleekin batera, jolastoki orduan harrapatu dugu Igone Zubizarreta (Izarra, 1988). Ikastola txikia izanik, berak eta Paula Gonzalez irakasleak partekatzen dute ikastetxea zuzentzeko ardura, eskolan zazpi irakasle baino ez daudelako. Igandeko jaiari begira azken prestakizunekin dagoela mintzatu da Zubizarreta ALEArekin.
Antolaketa desberdina du aurten Araba Euskarazek. Nola daramazue?
Bai, aurten jaiaren antolaketa aldatu dugu. Ikastola bakar batek antolatu beharrean, zortzi ikastolen artean antolatu dugu. Zortzigarren alaba leloan ere irudikatu nahi izan dugu zortzi ikastolen arteko batasuna, eta Arabako zortzi kuadrillei erreferentzia egin diegu ere. 1981ean egindako lehen Araba Euskaraz zazpi kuadrillen aldeko festa izan zen, eta aurten berriro sartu nahi izan dugu Trebiñu kuadrillen artean.
Dezenteko esperientzia izango duzue honetan. Hau ez baita Araba Euskaraz bat antolatzen duzuen lehen aldia…
Hau izango da Argantzongo ikastolak antolatzen duen laugarren Araba Euskaraz. Eta azkenean nabaritzen da aurreko esperientzia ekimena antolatzerakoan. Gauzak aldatzen goaz, eta prozesuan ikasten dugu. Urte batean zerbaitek funtzionatzen ez badu, saiatzen gara hurrengoan aldatzen, eta, ondo funtzionatzen duena mantenduko dugu.
"Adin nahasketa egiten dugu klaseetan. Hori egitea oso aberasgarria da ikasleentzat"
Suposatzen dut pozik egingo duzuela jaia, baina agian nahiago zenukete egunen batean protagonismo hori aldatu, gauzak normalizatu diren seinale?
Tira, jaia antolatzea oso garrantzitsua da guretzat, Trebiñuri eta ikastola guztiei bultzada bat emateko, baina lan handia da ere halako festa bat antolatzea. Gure ikastola oso txikia da gainera, eta indar asko bideratu behar dira jaia ospatzera. Ikastola txikietan ia familia guztiak inplikatu behar dira ekimena aurrera ateratzeko. Zortzi ikastolen artean antolatu izanaren arrazoia izan da hori ere, laguntza bat behar genuela.
Laudion egin zen azken edizioan aipatu ziguten pixkanaka horren masiboa ez den bestelako giroa bilatzen ari zirela. Hala al da zuenean ere?
Bai, gu horren bila ari gara ere. Gure asmoa da jai esparru bat antolatzea eta bertan adin desberdinetako jendearentzat ekintzak prestatzea. Hemendik aurrera saiatuko gara hori izan dadila Araba Euskarazen filosofia. Festa honen ostean, balorazio bat egingo dugu eta, ondo ateraz gero, jarraituko genuke antolatzeko modu berri honekin. Bestetik, aurten saiatu gara urte osoan zehar ekintza desberdinak egiten, batez ere dena ez zentratzeko egun batean. Araba Euskaraz egun bakar batean izateaz gain, euskararen aldeko jai desberdinak antolatzen ahalegindu gara.
Asko aldatu al da giroa Argantzonen azken urte hauetan?
Ikastola 2003an sortu zen, 11 ikaslerekin. Hemeretzi urte hauetan eboluzio garrantzitsu bat ikusi da ikastolan. Guretzat oso positiboa izan da egon den hazkundea. Pixkanaka gela berriak sortu dira, eta ikasle kopurua handitu da. Erronka handiena izan zen Lehen Hezkuntza sortzea. Aurten, hain zuzen, 6. mailako lehen belaunaldia aterako da ikastolatik.
Behin hortik ateratzen direla, zer aukera izango dituzte?
Familia bakoitzak erabaki behar du, baina, ikastolan ikasten jarraitu nahi badute, Armentia ikastolarekin hitzarmen bat daukagu. Hortaz, nahi duten haurrak hara joan daitezke. Beste batzuek agian eskola publikoan jarraituko dute; adibidez, Langraizen edo Gasteizen.
Elkarte izatetik kooperatiba izatera pasa zineten. Zergatik?
Gure ikastola sortu zen Trebiñun euskaraz ikasteko aukera bermatzeko, baina urte asko borrokan egon ostean, Gaztela eta Leonek ez zigun diru-laguntzarik ematen. Horregatik Araba ofizialera hanka bat atera behar izan genuen, Sagastietara [Manzanos]. Bertan ematen dugu Lehen Hezkuntza. Sagastietara atera ginenean eman genuen elkarte izatetik kooperatibarako aldaketa, hitzarmenak eta horrelako kontu legalei begira askoz errazagoak direlako tramiteak eta kudeaketak.
Manzanosen eraikin berria egiteko asmoa duzue. Noizko espero duzue?
Une honetan tramite burokratikoekin ari gara. Baina asmoa da aurreko Araba Euskarazen eta aurtengoan lortutako diruarekin eraikin hori sortu ahal izatea. 2023-2024 ikasturterako prest egotea nahiko genuke; hori da behintzat gure asmoa.
Familiek pisu handi izango dute, ezta?
Bai, guretzat arlo familiarra jorratzea oso garrantzitsua da. Familiek eskolako ateak irekita dituzte beti, eta lantzen ditugun proiektuetan parte hartzera gonbidatzen ditugu. Beti komeni da familia bati eskolan gauzak nola egiten ditugun ikusteko aukera ematea.
Pedagogian zaila da gurpila berrasmatzea. Zuek zertan jartzen duzue indarra?
Gure ezaugarri bat da adin nahasketa egiten dugula klaseetan. Hori oso aberasgarria da umeentzat. Adibidez, txikiek nagusia eredutzat har dezakete, eta nagusiek ere ikusten dute non egon diren aurretik. Saiatzen gara ere ikasketa esanguratsua izan dadila, zio bat izan dezala atzean. Adibidez, matematika modu manipulatiboan jorratzen dugu.
Argantzonen ingurua funtsean lorategi erraldoi bat da. Horri ere etekina aterako diozue, ezta?
Hala da, bai. Ahalegintzen gara ikasleak egunero naturarekin kontaktuan egon daitezen. Neguan ere, ez bada izugarrizko eguraldi kaskarra, umeek katiuskak dituzte eskolan, kalera atera ahal izateko. Azken finean, urtaro desberdinetan naturarekin kontaktu hori mantentzen saiatzen gara. Bestalde, horrela ere handiagoa da herriarekin berarekin dagoen harremana: hurbiltasun handiagoa lortzen dugu.