Pozarraten (Trebiñu) dagoen Neolito aroko meategian azken urteotan egindako indusketa kanpainen behin-behineko emaitzak aurkeztu dituzte Open Archaeology aldizkarian.
Andoni Tarriño geologoa buru duen taldea duela 6000–5600 urteko silex meategi bat aztertzen ari da 2011. urtetik, udako indusketa kanpainetan. Orain arte, 13.634 objektu aztertu dituzte, 494 kilo inguruko pisuarekin. Horrenbeste material aztertu behar izanak ikerketari "konplexutasuna" erantsi diola diote ikertzaileek.
Garaiko meatzariek silexa erauzteko estrategia misto bat erabiltzen zutela ondorioztatu dute ikertzaileek: batetik, sua erabiltzen zuten erauzketa errazteko; bestetik, kareharria ateratzen zuten granito beltzezko –dolerita– mailuekin, eta orein adarrekin ere suharrizko noduluak ateratzen zituzten.
Indusketetan orein adarrez osatutako 54 objektu berreskuratu dituzte, gehienak "nahiko zatituak" eta guztiak "kontserbazio egoera oso kaskarrean". Horietatik hamalau baino ez dira zati handiak.
Modu berean, dolerita horren 52 kilo inguru berreskuratu dituzte aztarnategian, 550 zatitan baino gehiagotan. Horietatik hamabost zati handiak dira, eta horietan abiatuta zientzialariak saiatu dira garaiko mailuen itxura berreraikitzen. Hau da, arkeologia esperimentala erabili dute garaiko meatzaritza teknikak nolakoak ziren asmatzen saiatzeko. Arrasto horietan abiatuta, hainbat mailu tipologia ondorioztatu dituzte: adar bakarrekoak, bi adarrekoak eta kareharriaren gainean kolpeak emateko bestelako tresna egiturak.