Zer da Arabako bihotzean dagoena? Urtegi bat? Zulo bat?
Euskal Herrian, Trebiñuko barrendegia oso ezezaguna izan da urte luzez. Ezjakintasun hori konpondu nahian eta hainbat lagunekin hitz egin eta gero, 2011. urtean, Arabako AEKko arduradunei hitzordua eskatu genien. Gure proposamena, 17. Korrikaren irteera Trebiñun izatea izan zen, onartu zuten eta baita Euskal Herriko beste arduradunek ere. Modu horretan, Euskal Herriari ezagutarazi nahi genion Trebiñu existitzen dela, eta aldi berean, gu ere euskararen herrian bizi ginela.
Hurrengo urratsa izan zen oztoporik handiena: Burgosko PPkoa zen Trebiñuko alkate Inmaculada Ranerok, egun prokuradorea dena, baimena eman behar zigun. Urte horretan udal hauteskundeak ziren eta nahitaez onartu behar izan zuen. Hori bai, baldintza batekin: "politika ez egitea".
Lehenengo kilometroa Gutxisolo Euskara elkarteak korritu zuen, eta bigarrena alkateak berak, ikurriña eta guzti.
Guardia Zibila ere agertu zen, jakina. Trebiñuko sarrera guztietan kontrolak jarri zituzten eta jendeari eta kultur taldeei sartzea galarazi zieten; txalapartaren soinuarekin Korrika hasi behar zen, adibidez, eta txalapartariek ezin izan zuten jo. Halere, Guardia Zibilaren kontrol horiek ezin izan zuten Korrikaren irteeraren arrakasta trabatu. Trebiñuko plaza Arabatik zein Euskal Herriko beste lurraldeetatik etorritako jendez lepo zegoen, eta kultur ekitaldiez bete zen.
Helburua lortu genuen, eta batez ere AEKk egindako ahaleginagatik izan zen. Bihotz-bihotzez, mila esker.