Joan den larunbatean aurkeztu zuten Trebiñu Araba da herritar plataforma, urte luzez izan den aldarrikapen bati hauspo berria emateko. Mugimendua aspaldikoa bada ere, plataforma hau berria dela argi utzi nahi izan du bertako kide Celia Villanuevak. "Aldarrikapena inoiz ez da utzi, eta lanean jarraitu dugu, baina egia da gauza horietako asko ez direla egin modu publikoan", argitu du.
Plataformako kide izateaz gain, Villanuevak lehen eskutik ezagutzen ditu inguruko herritarrek dituzten kezka eta arazoak, bera landa eremuko taxilaria baita. "Betidanik hemengoa den jendearekin hitz egiten dut egunero, eta baita hona etorri berri den jendearekin ere; eta gaia beti ahotan dago, sortzen diren zalantza eta kezkak direla eta".
Larunbatean bertan argi utzi zutenez, betidanik egon den arazoa are agerikoagoa bihurtu da pandemiarekin. Unerik latzenean bizi izan zutena bereziki "absurdoa eta anakronikoa" izan zela gogora ekarri du herritarrak. "Konfinamenduan, adibidez, zerbait egin behar zenuenean, inoiz ez zenuen argi nola egin behar zen, eta agintariek beraiek ere ez zuten batere garbi nola jokatu".
Trebiñuren kasuan, daukan egoera administratiboari gehitu zitzaion inguruan bigarren etxebizitza bat zuen jende asko bertara joan zela konfinamendua pasatzera. Bestetik, trebiñar asko Gasteizen erroldatuta daudenez, horiei guztiei behar bezalako osasun jarraipena egitea oso zaila izan zela azaldu du Villanuevak. Bada, Euskal Herri osoan pandemian bizi izandako ziurgabetasun giro hori eguneroko ogia da Trebiñun, pandemia aurretik eta ondoren ere.
"Politikariak ondo geratzeko balio dute hitzarmenek; guri ez digute balio". Celia Villanueva, Trebiñu Araba da.
Egoera hori arintzeko instituzioen artean sinatu diren hitzarmenek egoera konpontzen ez dutela argi du plataformako kideak. "Politikariek publikoaren aurrean ondo geratzeko erabiltzen dituzten agiriak dira horiek, baina egunerokotasunean ez digute balio". Gainera, azken hitzarmenak bertoko udalak aintzat hartu gabe sinatu dituztela argudiatu du. Are, hitzarmenak "absurdotzat" jo ditu. "Ea, argi dago eguneroko arazoei aurre egin behar zaiela, baina hori aspalditik ari gara egiten hemen".
Larrialdiak gertatzen direnean sortzen den egoera bitxia jarri du Villanuevak adibidetzat. "Ados, orain suhiltzaileak Langraiz Okatik datoz. Baina ez baduzu telefono finko batetik deitzen, gehienetan Errioxako edo Burgosko zerbitzuek hartzen dizute telefonoa, eta Miranda Ebrotik bidaltzen dute anbulantzia". Dioenez, egunerokotasunean, "ezer sinatuta ez dagoenean eta protokolorik ez dagoenean", arazoak pilatzen zaizkie. Horregatik, batzuetan artatzen dituen funtzionarioaren nahiaren arabera jaso dezakete zerbitzu bat... edo ez. "Kasurako, errehabilitazio bat egiteko, Burgosera bideratu ahal zaituzte".
Antolatze lanetan
Plataformaren beraren sorrerari dagokionez, Villanuevak nabarmendu du oso azkar joan dela guztia. Urte honen hasieran hasi ziren antolatzen, eta, larunbateko aurkezpen ofiziala baino lehen, kanpaina antzeko bat egin zuten zenbaki bati lotuta: 279,6. Horiek dira Trebiñuko enklabeak hartzen dituen kilometro koadroak, hain justu.
Datozen ekimenak antolatzeko lanean ari dira orain. Argi dute, baina, gauzak antolatu ahal izateko taldeari izaera juridiko bat eman beharko diotela, elkarte gisa; horretan ari dira une honetan. "Baina, funtzionamendu aldetik, herritar mugimendu bat bezala funtzionatzen jarraituko dugu".
Taldearen inguruan 70 bat lagun daudela azaldu du Villanuevak."Askotariko herritarrak gara, pentsamendu bat partekatzen dugunok: Trebiñu Araba dela".
Momentuz, nork bere etxean jartzeko banderatxoak prestatu dituzte, jakin badakitelako horrek ez dakarrela arazorik legearen aldetik. Baina horiek ahalik eta gehien zabaltzeko deia egin dute ere, aldarrikapena hauspotzeko.