Batxilergoko zein Lanbide Heziketako ikastetxera edo unibertsitatera joateko 150 kilometro baino gutxiago egin behar dituzten ikasleek eskola garraiorako diru laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, Argantzongo Udalak onartu berri duen 4.000 euroko partidari esker.
Aurtengo udan, EH Bilduk salatu zuen Diputazioak Trebiñuko ikasleak eskola garraiorako laguntzetatik baztertu zituela, eta deialdian sartzea eskatu zion foru gobernuari. Hala ere, lau hilabete beranduago, deialdi horretatik kanpo gelditu diren ikasleei erantzun bat eman nahi izan die Argantzongo Udalak, eta garraio hori finantzatzeko laguntza deialdia onetsi du azken osoko bilkuran.
Horrela, Burgosko Probintziako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, Batxilergoko, Erdi Mailako edo Goi Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasketak egiten ari diren 30 urtetik beherako Argantzongo biztanleek hogei egun izango dituzte laguntza horiek eskatzeko; eskatzaile bakoitzak 200 euro jaso ahal izango ditu.
Horrez gain, beste hainbat ikasketa ziklo ere kontuan hartuko ditu deialdiak: Lanbide Hastapeneko ikastaro ofizialak; gradu amaierako proiektua; eta musika, dantza, arte dramatiko, arte plastiko eta diseinuko goi-mailako ikasketak. Oposizioak, ikerketak, graduondokoak, masterrak, doktoregoak eta urrutiko ikasketak, ordea, ez dira kontuan hartuko.
"Formakuntza arautua egin nahi duten ikasleak lagundu nahi ditugu, ikastetxe publiko edo itunduetara joaten direnei, betiere 150 kilometrotik behera badaude", azaldu du Argantzoneko alkate Pablo Ortiz de Latierrok (EH Bildu). "Gure bizilagunek barrendegian erroldatuta egoteagatik jasaten duten injustiziarekin amaitu nahi dugu; uste dugu horrela bizilekuz aldatzea saihesten dugula eta bizi diren herrian geratzea sustatzen dugula".