Trebiñuko ikasleentzat ere eskola garraiorako laguntzak bermatzea eskatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2021ko uzt. 23a, 11:30
Trebiñu herria. / Argazkia: BASOTXERRI / Wikipedia

EH Bilduk salatu du Diputazioak Trebiñuko ikasleak eskola garraiorako laguntzetatik baztertu dituela, eta deialdian sartzea eskatu dio foru gobernuari.

Unibertsitatez kanpoko prestakuntza arautua eskuratzeko laguntza horiek 84.000 eurotik gorako partida dute, eta 2020/2021 ikasturtean Batxilergoko ikasketak edota Lanbide Heziketako zikloak egin dituzten ikasleei zuzenduta daude, gehienez 150 kilometrora dagoen beste udalerri batera joan behar badute.

EH Bilduk salatu duenez, beste behin ere, ikasle trebiñarrak deialditik kanpo gelditu dira. "Beste deialdi batzuetan egin duten bezala, Aldundiak baldintza gisa sartu du ikasleak Arabako Lurralde Historikoan erroldatuta egotea, eta horrek, de facto, Trebiñuko ikasleak kanpoan uzten ditu", deitoratu du batzarkide taldeak.

Erabakia gogor kritikatu dute, eta Lurralde Orekako Departamentuari "ezohiko egoera hori" konpontzeko eskatu diote. "Badakigu foru diputatuak deialdia zuzentzeko konpromisoa hartu zuela, baina kontua da epea amaitu dela eta, beste behin ere, Trebiñuko bizilagunak kaltetuta atera dira. Ezin da esan gainerako arabarron eskubide berberak dituztela, eta gero halakotzat ez hartu", salatu du Iñaki Ullibarri prokuradoreak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide