Araiko mendilerroko aztarnategia larunbatean bisitatu ahalko da

Erredakzioa 2021ko abu. 5a, 09:36

Pozarraten indusketa lanak berreskuratu dituze uda honetan. ARAIKO PROIEKTUA

Pozarrateko harrobi neolitikoak induskatzen ari den arkeologo taldeak aurten ere ate irekien eguna prestatu du. Bisitaldiak hiru txandatan egingo dituzte.   

Trebiñuko gasolindegia. Hori da, hain justu, Araiko mendilerroan arkeologoak egiten ari diren lana bertatik bertara ezagutzeko abiapuntua. Ez da erraza aztarnategira iristea, eta oinez edo lurrorotakoaz egin behar da harantzako bidea. Hortaz, bisitariak ibilgailuetan eramango dituzte gasolindegitik harrobira. 

Joan den astean hasi zituzten kanpaina honetako lanak, eta orain arte egindakoa bisitariekin konpartitu nahi dute. Urteak daramatzate Neolito aroko harrobi hori induskatzen, CENIEH Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionaleko geologo Andoni Tarriñoren gidaritzapean. Harrobi bat izanik, aztarnategitik batez ere harriak ateratzen dituzte, baina baita silexa ere; eta, noizean behin, suharri horretara iristeko baliatzen zituzten orein hezurrak. Silex preziatuaren atzean ibiltzen ziren Neolito aroko meatzariak, eguneroko tresnak egiteko ezinbesteko baliabidea zelako. Materialez gain, harrien kokapenak berak informazioa ematen die arkeologoei, eta, horregatik, horien kokapena doitasun handiz jasotzen dituzte, laser baten laguntzaz. 
    
Hiru txandatan egingo dituzte bisitaldiak (10:00etan, 11:00etan, 12:00etan), eta aldez aurretik izena eman behar da 629 985 414 telefonoan. Gehienez, zortzi laguneko taldeak izango dira, eta maskara eramatea nahitaezkoa izango da. Euria eginez gero, bisitaldiak bertan behera utziko dituztela ohartarazi dute, euriarekin lokatz asko sortzen delako inguruetan.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago