Otxate: izurrien iruzurra baino askoz gehiago

Juanma Gallego 2021ko eka. 6a, 06:00

Herria XX. mendearen hasieran hustu zen, ohiko arrazoiengatik. ALEA

Otxateren gaineko istorioa iruzur sorta batean abiatu zen, baina Julio Corral eta Antonio Arroyo ikertzaileek ezusteko galantak aurkitu dituzte herria aztertzean. Tartean, inteligentzia zerbitzuen ustezko jokaldi bat, armadaren zenbait maniobraren inguruan. Liburu berri batean bildu dituzte herriari buruzko datu berriak.

Ez du ematen bisitariak Otxaten beste munduko arimarik aurkituko duenik, baina, asteburu batean joanez gero, ez da zaila izango bertan ukitzen diren arimak topatzea. Pandemia aurreko garaietan bederen, jende andana ibiltzen zen bertatik. Baziren argazki kamerak eta grabagailuak zeramatzatenak, horiekin zerbait arraroa edo berezia jasotzeko moduan egongo zirelakoan. Kanpin dendaren barruan litroko zerbezak eta abarrekoak biltzen zituztenak ere baziren, noski, eta azken hauek izan dira inguruko biztanleei eta nekazariei buruhauste gehien ekarri dizkietenak. Gauzak bareago daude azken hilabeteotan, eta mendian lasai asko txangoan ibiltzen direnak dira orain gehien ikusten direnak. 

Ospea ez da oraingoa. Otxaterekiko erakarpenaren abiapuntuak data zehatza du: 1981eko uztaila. Orduan argitaratu zuen Prudencio Muguruza arabarrak Luces en la puerta secreta izeneko artikulua Mundo desconocido aldizkarian. Bertan Muguruzak adierazpen harrigarriak egiten zituen: Otxateren inguruan paseoan ari zela, Objektu Hegalari Ezezagun (OHE) bat ikusi zuen, eta hari argazkia ateratzea lortu omen zuen. Ez zen horretara mugatu. Artikuluan zioen Otxatek hiru izurrite latz jasan zituela, inguruko herriei eragin ez zietenak, eta horiek izan zirela, hain justu, herria hustu izanaren arrazoia.

Adierazpen horiek ospe handia lortu zuten halako gaiekiko zaletasuna zutenen artean, eta, denborarekin, Otxate misterioaren bila ari zirenen jomuga garrantzitsua bihurtu zen. Bisitaldien gorakadak ere testigantzan biderkatu zituen. Zerbaiten bila ari ziren lagun horietatik guztietatik, askok zerbait aurkitu zuten.

Muguruzaren beraren ibilbideari erreparatzea nahiko adierazgarria izan daiteke afera honen abiapuntua non dagoen hobeto ulertzeko. Otxateko ustezko OHEaren argazkiak Muguruza ospetsu bilakatu zuen, eta, denborarekin, igarle lanetan aritu zen hedabideetan, tarotaren bitartez etorkizuna asmatzen.

Dena dela, eta abiapuntu hain ilun izanda, mota askotakoak dira urteotan zehar pilatutako testigantzak. Gehienetan, sentsazioak eta iluntasunari atzemandako forma eskuraezinak egon dira oinarrian. Beste batzuetan, berriz, sentsazio baino gehiago izan dira, egoera horiek bizi dituztenentzat bederen. Mikel Colmenero irrati-zaleak 1987an bizi izandakoa da agian ospe gehien lortu duen testigantzetako bat. Lagun batzuekin batera Otxate inguruetan zegoela, haiengana etortzen ziren bi "irudi antropomorfo" ikusi zituzten, eta baita haien pausuak entzun ere. Autoko argi luzeak piztu eta eremua argitasunarekin ikuskatu zuenean, berriz, desagertu ziren.

Egiaztatze lana

Colmeneroren testigantza estimu handian du Julio Corral ikertzaileak. "Ezinezkoa da Colmenerori ez sinestea. Urteak daramatza istorio berdina kontatzen, ezer aldatu gabe, eta hasierako emozio berdinarekin". Antonio Arroyorekin batera, Ochate, realidad y leyenda del pueblo maldito liburua argitaratu zuten 2007an. Biak ala biak Gasteizkoak dira, eta herri hustuaren inguran esaten zirenak ikertu eta herriaren benetako historia berreraikitzeari ekin zioten, beti ere, agirietan eta lehen eskuko testigantzetan oinarrituta. 

Liburua idazteko, aitorpen ugari bildu zituzten bi ikertzaileek, baina, horrez gain, hemeroteketara eta artxiboetara ere jo zuten. Eta bertan egiaztatu ahal izan zituzten aurretik Enrique Etxazarra ikertzaileak mahai gainean jarrita zituen susmoak: aparteko izurri horien arrastorik ez zegoen historian.

"Badaude sugestio kolektiboa eta txantxak, baina badira testigantza esanguratsuak ere". Antonio Arroyo

"Otxatek arazo handi bat izan du hasieratik: kondaira guztia gezur batean abiatzen dela", adierazi du Corralek. "Eta, zerbait gezurra bada, hala dela esan behar da; kitto". Aitortu duenez, liburua idatzi zutenean, errespetuagatik edo, ez zuten ideia hori behar bezala azpimarratu, baina, orain, gauzak diren moduan esateari beldurra galdu diotela dio.

Hasierako gezur horiek zalantzan jartzeaz gain, 2007ko libururako egindako ikerketan zehar harribitxi ugari aurkitu zituzten. Horietako bat izan zen herrian izandako krimen bat, ordura arte inork aipatu ez zuena. "1936ko urtarrilean gertatu zen", gogoratu du Antonio Arroyok. "Herriak lau urte inguru zeramatzan hutsik, baina artean ganadua gordetzeko erabiltzen ziren bertoko etxeak, korta gisa. Bada, ganadu horretaz arduratzen zen abeltzainetako bat Jacinto Ramirez zen, eta... beno, burutik jota zegoen. Gizon bortitza zen, ikara sortzeko modukoa. Behin Valeriano Trincado abeltzainarekin liskar bat izan zuen, eta, hurrengo egunean, korta batean zeudela, tiro egin zion burura; ondoren buruan kolpeka hasi zitzaion, garuna birrindu arte". Krimena egin eta gero, Miranda Ebrora abiatu zen, bere burua entregatzera. "Baina denbora gutxi egon zen kartzelan. Handik gutxira, Gerra Zibila hasi zen, eta nazionalen alde frontera joan zen. Gerra ondoren bueltatu zen abeltzaintza lanetara, baina, izaera guztiz aldatu zitzaion, eta erabat barnerakoia bihurtu zen".

Ez zen izan aurkikuntza bakarra. Otxateko azken biztanlea aurkitu eta harekin solasaldi ederrak partekatzeko aukera izan zuten ere. "Kafe baten inguruan esertzen ginen Jose Arangiz Salazarrekin, zahar etxean, eta gozamena izan zen lehen eskutik entzutea herriaren gaineko kontakizunak", ekarri du gogora Arroyok.

Gaitik urte batzuk aldenduta zeramatzaten arren, iaz Guante Blanco argitaletxea haiekin harremanetan jarri zen, liburua berrargitaratzea proposatuz. "Hori beharrean, bigarren liburu bat idaztea proposatu genien, aurkikuntza berriak genituelako". 

"Esperimentatzeko, ez zait bururatzen leku hoberik. Aukera dago guztia erraz ukatzeko". Julio Corral

Joan den astean atera da emaitza berria: Reencuentro con Ochate. "Liburu berri honetan beste hilketa baten berri izan dugu. Herri osoa egon zen sartuta aferan, eta kanibalismoa eta guzti gertatu zen", aurreratu du Corralek. Krimen horretan, Juan Francisco Crespo Otxateko herritarrak haren emazte Margarita Gonzalez erail zuen. "Informazioa eskuratzea asko kostatu zaigu, XVIII. mendean idatzitako agiri batean oinarritu behar izan dugulako. Gainera, ez zegoen digitalizatuta, eta denbora asko eman behar izan dugu informazio hori lortzeko".

CNI, tartean 

Agiri historikoak ez ezik, bi liburuetan testigantza andana jaso dituzte, ustez Otxaten bizi izandako gertaerekin. Zer iritzi dute egileek? "Dakizunez, ni erabat eszeptikoa naiz", erantzun du Arroyok, "Baina ez dago erantzun sinple bat. Sugestio kolektibo handia dago. Baita txantxak ere; 1980ko hamarkadan, bertara hurbiltzen zirenei halakoak egiten zizkietela aitortu digute Imiruriko biztanle batzuek. Baina zenbait testigantza oso esanguratsuak dira. Gogoan dut elkar ezagutzen ez ziren bi testiguk esan zigutena zuriz jantzitako andre baten moduko agerpen bati buruz. Biek ala biek esan ziguten andreak oinetako zuriak zituela. Nolatan jarriko dira ados hasiera batean hain zentzugabea dirudien kontu batean?". 

Corralek nahiko argi du ere. "Nik gehienei sinisten diet. Beste kontu bat da atzean zer dagoen. Adibidez, garai batean esaten zen dorrearen barruan hiltzear zegoen norbaiten arnasaren antzeko soinua entzuten zela. Bada, gero egiaztatu ahal izan genuen hori: bertan bizi zen hontz baten soinua zen. Hortaz, berez, testigantza horiek guztiak benetakoak ziren, zintzoak".

Ez zuten zintzotasun berdina aurkitu, ordea, ustez zerbitzu sekretuekin lotutako informatzaile batengan. Egia esanda, Otxateren aferan zerbait harrigarria bada, hori izan da Espainiako Armadaren maniobra batzuen inguruan gertatutakoa, eta baita arrisku kimiko, nuklear eta biologikotik babesteko NBQ jantziekin hornitutako lagunei buruzko hainbat testigantza ere. Maniobren inguruan informazioa eskaintzeko hurbildu zitzaien pertsona bat. Militarra zela, baina "ez ohikoa", esan zien. "Datu batzuk eman zizkigun: batzuk benetakoak ziren, eta, beste batzuk, faltsuak", gogorarazi du Corralek. "Datu horiek kontrastatzeko, CNIri posta elektroniko batzuk bidali genizkion. Bada, hurrengo hitzorduan informatzaileak esan zigun bazekiela CNIrekin harremanetan jarriak ginela, eta, horren ostean, harekiko kontaktua galdu genuen". Jokaldi horren atzean zer egon zitekeen ez dakitela aitortu dute egileek, baina susmo batzuk agertu dituzte. "Datu faltsuak sartuta, bada modu bat gure ikerketari aipua kentzeko. Bestetik, esperimenturen bat egiteko, ez zait bururatzen Otxate baino toki hoberik", iradoki du Corralek. "Norbaitek zerbait arraroa ikusi eta kontatzen badu, beti egongo da aukera hori ukatzeko, Otxateren gainean esaten diren betiko tontakeriak direla argudiatuz". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago