Trebiñuko Udalak joan den asteartean egin zuen bezala, Trebiñuko barrendegian bi administrazioen —Eusko Jaurlaritza eta Gaztela eta Leongo Junta— arteko estrategia bateratua exijitu du Argantzonek. Horretarako, osoko bilkuran mozio bat onartu dute, erakunde guztiei "osasuna lehenestea eta Covid-19aren hedatzea geldiarazteko estrategia bakarra aplikatzea" eskatuz.
Zentzu horretan, Argantzongo osoko bilkurak adostutako testuak dio "norabide zuzeneko urrats bat" izan zela azaroan emandakoa; izan ere, orduan onartutako alarma dekretuaren arabera, EAEn hartzen diren neurri berak aplikatu behar dira Trebiñuko barrendegian. Hala ere, EH Bildu eta EAJ taldeek babestu duten testuak "bide horretan sakondu" behar dela aldarrikatu du.
Hori dela eta, Argantzon eta Trebiñuko udalek premiazko bilera bat eskatu dute Eusko Jaurlaritzarekin eta Gaztela eta Leongo Juntarekin, "enklabeko biztanleen osasuna bermatzeko beharrezko neurriak hartzeko".
Trebiñuren integrazioa
Azkenik, testuak ohartarazi du azken asteetan sortutako egoerak "agerian utzi duela, beste behin ere, bere gordintasun osoarekin, Trebiñuko enklabearen existentzia eta bere iraunkortasunak dakarren irrazionaltasuna".
Hortaz, beste dei bat egin diete eragindako erakunde guztiei "auzi honetan sen ona aplikatzeko eta Trebiñu zein Argantzon udalerrien integrazio eraginkorrerantz ahalik eta azkarren aurrera egiteko beharrezkoak diren adostasunak sortzeko".