Trebiñun aurkitutako meatzaritza tresnak zaharberritu dituzte

Juanma Gallego 2019ko api. 2a, 17:00
Duela 6.000 urteko tresnak zaharberritzea lan "konplexua" izan dela azaldu dute CENIEHko adituek. / CENIEH

Pozarrateko harrobian silexa lortzeko lanetan Neolitoan erabili izan ziren zazpi orein-adar kontserbatzeko lanak bukatutzat eman ditu CENIEHk.

Iberiar penintsulan inoiz aurkitu den adarrez egindako meatzaritza tresna sortarik handienaren zaharberritze lanak bukatu dituzte CENIEH Espainiako Giza Eboluzioaren Ikerketa Zentroko adituek. Duela 6.000 urte inguruko tresnak dira horiek, Trebiñuko Pozarrate aztarnategian iazko indusketa kanpainan aurkitutakoak.

Orotara, zazpi orein-adar dira berritu dituztenak. Neolito Aroko meatzariek silexa eskuratzeko lanetan baliatzen zituzten adar horiek. Garai horretan, silexa funtsezko baliabidea zen, mineral horrekin osatzen baitzituzten mota askotako tresnak, tartean, mozteko tresnak eta armak ere.

CENIEHko geologo Andoni Tarriñok gidatu ditu indusketa lanak, hainbat kanpainatan, eta zaharberritze lanak, berriz, erakunde horretako Kontserbazio eta Zaharberrikuntza Laborategian egin dituzte. Lan "konplexua" izan dela nabarmendu dute, materialaren morfologia eta osaketagatik. Horri gehitu behar zaizkio harrobian dagoen hezetasuna eta bertako sedimentuen egoera. Hortaz, kontrolpeko baldintzetan idortu behar izan dituzte materialak, prozesuan informazio arkeologiko garrantzitsua galdu gabe.

Bestalde, baieztatu dute aurten ere arituko direla aztarnategian, Araiko proiektuaren baitan, hori egin ahal izateko beharrezkoa den ministerioaren laguntza urtebetez luzatzea lortu dutelako. Trebiñuko udalak, EHUk, Gaztela eta Leongo Juntak eta Arabako Diputazioak ere sustatu dute egitasmoa. Uztailean ekingo diote aurtengo indusketari, eta horretan 5 metro arteko sakontasunera iritsi nahi dutela aurreratu dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide