Espero baino lagun gehiago murgildu dira Euskaraldian Trebiñun. 90 bat lagun parte hartzen ari dira ariketa sozialean, eta azkeneko egunetan 100 izatera helduko direla uste dute. "Helburua 50 lagun elkartzea zen, eta espero baino handiagoa izan da erantzuna; 2.000 lagun bizi direla kontuan hartuta, kopuru polita da", azaldu du Beñat Goitia Trebiñuko euskara teknikariak.
Euskaraldiak kalean izan duen isla neurtzea zaila dela aipatu du Goitiak, baina keinu txiki batzuk nabaritu dituzte. Trebiñuko udaletxean ez dago langile euskaldunik, baina Argantzungoan sorpresa izan dute, esaterako; hamaika egunez belarriprest txapa paparrean jantzita joan da hango administraria, bertaratu direnentzako pauso handi bat. "Egun batetik bestera aldaketa izan da, eta herritarrek ikusi dute Argantzunen gauza txikiak euskaraz eska daitezkeela; borondate pixka batekin, posible dela ikusi dute".
Jaialdia, Baxaurin
Euskaraldiari lotuta, hainbat ekitaldi izan dira. Joan den asteburuan, esaterako, Errementari pelikula ikusi eta Gorka Lazkano filmeko euskara arduraduna izan zuten hizlari.
Asteburu honetarako, berriz, egun osoko ekitaldia prestatu dute Baxaurin: Trebiñuko Euskararen Eguna. 12:30ean hasiko dira ekitaldiak; Argantzungo pilota eskolako haurren pala partiduak izango dira, Ane Gebara ipuin kontalaria ostean, eta herri bazkaria fanfarre batekin. Bazkalostean, Felipe Zelaieta bertsolaria eta Mugaldekoak taldekoak arituko dira, eta gazteen kontzertuekin amaituko dute gauean.