Arabako eta Burgosko Diputazioek duela gutxi sinatutako hitzarmen sorta "iruzurtzat" jo du EH Bilduko batzarkide Kike Fernandez de Pinedok, gaur goizean egindako prentsa agerraldi batean.
Alderdiaren aburuz, erakundeek herritarren eskaerei "bizkar eman" diete, tartean, osasungintzaren eta hezkuntzaren alorrak akordiotik kanpo utzi dituztelako.
"Hitzarmen hauek Trebiñu Araban integratzeko bidean sakontzeko balio behar zuten, baina Arabako Foru Aldundiak apurrak negoziatu ditu, eta, gainera, kostu handia izango dute Arabako Ogasunean", adierazi du Fernandez de Pinedok.
Alderdiak faltan bota du Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea. "Berriz ere, albora begira gelditu da". Bestetik, hitzarmenak bi urteko iraupena izan behar zuela diote, baina orain sinatutako hitzarmenek lau urteko iraunaldia dute, beste lau urtez luzatzeko aukerarekin. "Beste zortzi urtez Trebiñu Burgosi lotuta egoteko oinarria" ezarri dutela uste du EH Bilduk.