Iaz izenpetutako esparru hitzarmena garatu dute Arabako eta Burgosko Diputazioek. Guztira, zazpi lankidetza hitzarmen izenpetu dituzte Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek eta Burgosko Diputazioko presidente Cesar Ricok.
Atzo sinatutako hitzarmenen arabera, hauek dira bi erakundeek estuago landuko dituzten esparruak: babes zibila eta larrialdiak, adinekoen eta ezinduen arreta, genero indarkeria eta berdintasuna, azpiegitura txikien mantentzea, euskara eta kultura, ondarea eta gazteria.
Hitzarmen sorta honi esker trebiñarren bizi baldintzak hobetuko direla babestu du Gonzalezek. Adibide bat jarri du diputatu nagusiak, hitzarmen sorta aurkezteko egon den ekitaldian. "Hemendik aurrera, Baxauriko biztanle batek Lagraneko eguneko zentrora joateko aukera izango du. Bost kilometrora dagoen arren, orain arte ezin zuen hori egin".
Elkarrizketaren eta akordioaren beharra aldarrikatu du Gonzalezek, "bakoitzaren jarrera politikoei uko egin gabe". Izenpetutako hitzarmen sorta "politika egiteko modu zuzena" dela babestu du. "Duela gutxira arte, batak besteari bizkarra eman badiote ere, bi erakundeek elkarrekin lan egiteko gaitasuna erakutsi dute orain. Hori da jorratu beharreko bidea".