Euskararen Eguna 2016

"Gazteak beharrezkoak dira gure lanarekin jarraitzeko"

Naiara Lpz de Uralde 2016ko abe. 5a, 09:48

Alfredok, beste gurasoekin batera, umeek euskaraz bizi dezaten lan handia egiten du. | Alea

Alfredo Angulo Martinez, Txingoka Kultur Elkarteko Kidea. Elkartea 2008. urtean jaio zen euskara ikastolatik kanpo ateratzeko asmoa zuten guraso batzuen eskutik.

 

Zein da Txingoka Kultur Elkartearen helburu nagusia?

Gure xede nagusiena euskara geletatik kanpo ateratzea da. Hau da, umeek aisialdian euskaraz egiteko aukerarik ez zutela konturatu ginen, eta modu batean edo bestean, hori aldatu nahi genuen.

Zeintzuk dira antolatzen dituzuen ekintza nagusiak?

Alde batetik, gurasook uda partean ditugun beharrei irtenbide bat bilatu nahian, duela zortzi urte eguneko udalekuak antolatzen hasi ginen. Egunez egun bertan jorratzen diren edukiak aldatzen dira, eta astean bitan txango txiki batzuk ere egiten ditugu. Horretaz gain, duela lau urte, musika eskola ere sortu genuen. Egun, eskola honek hamalau ikasle, eta lenguaia musikala euskaraz ematen duen irakaslea ditu. Gainera, zerbitzu hau Berantevillara zabaltzeko aukera izan dugu.

Euskaraz izanda, nolako harrera izaten dituzte ekintza horiek herritarren artean?

Normalean ekintzek harrera ona izaten dute, euskaraz izatea lagungarria delako. Hala ere, musika eskolaren kasuan, finantzazio gutxi dugunez, familia batentzat ikastaroak garesti xamar ateratzen direla onartzen dugu. Berantevillan, adibidez, ikasleek diru-laguntza bat jasotzen dute, eta horrek gauzak asko errazten ditu. 

Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna Trebiñun?

Euskarak eskualde honetan ere etorkizuna duela iruditzen zait, baina benetako inplikazioaren beharra daukagu. Hau da, gazteak kutsatu nahi ditugu beraiek ere euskararen inguruan elkartu daitezen, eta etorkizunean gure lanak jarraipena izan dezan. Guk haiek laguntzeko prest gaude, baina askotan inguruko gazte guztiengana iristeko zailtasunak ditugu. Horregatik, elkarrizketa honen bidez, euskararen alde egiteko interesa baldin badute gurekin harremanetan jartzeko animatu nahiko nituzke.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago