Frankismoaren biktimak omenduko ditu Lagrango Udalak, azaroaren 15ean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute

2024an egin zieten frankismoaren biktimei lehen omenaldia Lagranen. J.GALLEGO/ALEA

Adierazpen instituzional bat onartu du udalbatzak, frankismoaren biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko.

Lagranek omenaldia egingo die udalerriko frankismoaren errepresaliatuei, Felix Ozaeta Fernandezen fusilamenduaren 90. urteurrenean, azaroaren 15ean.  Udaleko Osoko bilkurak adierazpen instituzional bat onartu du, biktima horientzat guztientzat egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko.

Udalak publikoki aitortu eta omendu nahi ditu kolpe militarrean, gerran eta diktadura frankistan errepresioa jasan zuten udalerriko pertsona guztiak, bai eta haien familiak ere, belaunaldiz belaunaldi jasan baitzituzten jazarpenaren ondorioak. "Izan ere, oroitzea aitortzea da, memoria erreparatzea eta zaintzea etorkizunarekiko konpromisoa da".

Lagrango Udalak gogoratu duenez, Espainiako Gerra ez zen modu berean garatu lurralde guztietan. "Arabako Mendialdean eta, bereziki, gure udalerrian, ez zen gerra fronterik izan. Hala ere, borrokarik ezak ez zuen eragotzi gure bizilagunek kolpe militarraren eta ondorengo diktadura frankistaren ondorioak jasatea. Errepresioa modu askotan agertu zen: exekuzioak, espetxeratzeak, torturak, erbesteratzeak, isunak, konfiskazioak eta jazarpen politiko eta sozialerako beste modu batzuk", argitu dute.

Hain zuzen indarkeria hori zuzenean jasan zuten pertsonen izenak eta esperientziak gogora ekarri nahi dituzte hilaren 15ean egingo duten ekitaldian: "Felix Ozaeta Fernandez 1936ko azaroaren 13an exekutatu zuten epaiketarik gabe, Gasteizko espetxetik atera ondoren. Anaia, Rufo Ozaeta Fernaandez, eta Vicente Romero Lacuesta herritik bota zituzten, espetxean hilabete batzuk eman ondoren".

Zauriak konpontzeke

Halaber, beste bi bizilagun, Dionisio Ozaeta Sasenz de Urturi eta Nazario Rodriguez Saenz de Urturi, Bizkaiko frontean hil zirela gogoratu du udalak. "Gaur-gaurkoz, oraindik ez dakigu Dionisioren gorpuzkiak non dauden, eta horrek gogorarazten digu oraindik ere galderak daudela erantzuteko eta zauriak konpondu behar direla". 

Herriko bizilagun Cayetano Perez Perez, Gipuzkoa Batailoian sartu zela azaldu du ere udalak. "Atxilotu, epaitu eta heriotza zigorra ezarri zioten. Ondoren, hogeita hamar urteko espetxe zigorra eta bost mila pezetako isuna ezarri zizkioten". Era berean, Jesus Lopez de Lacalle eta Gerardo Romero Perez arrazoi politikoengatik eta aurrekari ezkertiarrengatik zigortu zituztela azaldu du. 

Aipamen berezia egin du Lagrango Udalak emakumeek jasandako errepresioaren inguruan: "haien esperientziak isiltasunera mugatu dira hamarkadetan zehar, eta, kasu askotan, erregistro ofizialetatik kanpo geratu dira". 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago