Museoaren Egunean ospatu dute Pipaonen Usatxi Dantza Taldearen 45. urtemuga. Adin guztietako dantzariak biltzen ditu herriko dantza taldeak. Iratxe Ibisatek gazteen taldeak zuzentzen ditu.
Noiztik zara Usatxiko kidea? Zerk eraman zintuen taldean parte hartzera?
Etxean bertan jaso izan dut dantzaren zaletasuna. Nire etxean denek egiten zuten dantzan: aitak eta anaiak ere bai. Beraz, pixkanaka-pixkanaka, nahi edo nahi ez, dantzara jo nuen. Gasteizen ere dantzaria naiz, eta betidanik gustatu izan zait gainera. Usatxiko elkarteko zuzendaritzan ere bi aldiz egon naiz, eta bietan dantzen ardura hartu izan dut. Beti joaten nintzen mutilekin entseatzera eta, azkenean, mutilekin dantzan hasi nintzen.
Pipaongo dantzak, ordea, gizonek bakarrik egiten zituzten garai batean.
Bai. Antzina, Pipaongo dantzak mutilenak baino ez ziren. Pilar Alonsok, Pipaongo Alondrak, behin kontatu zidan bazegoela nesken jota bat, baina ez dugu horren inguruko dokumentaziorik aurkitu: ez dugu musikarik, ezta bestelako erreferentzia zehatzik ere.
Berreskuratu zirenean mutilek bakarrik dantzatzen zuten?
1981ean, dantzak berriro berreskuratu zirenean, mutilek bakarrik egiten zituzten, eta prozesioetako segizioan, berriz, bi neska ezkongabe, emakume ezkondu bat eta alargun bat joaten ginen haiekin. Entseguetan, ordea, norbait falta izaten zenean edo norbait berandu iristen zenean, nik dantzatzen nuen. Halako batean, baten bat falta zela aprobetxatu eta dantzan hasi nintzen. Ondoren, beste neska batzuk ere animatu ziren. Gainera bazen erreleboaren beharra. 20 edo 25 urte zeramatzaten beti berberek dantzan, eta belaunaldi berriak sartzea beharrezkoa zen.
Dantza taldeetan neska gehiago dago mutilak baino. Pipaonen ere hala gertatzen da?
Bai, beti egon izan dira neska gehiago. Gero, helduak direnean, mutilak berriro hasten dira dantzan. Txikitan, ordea, beste aukera batzuk lehenesten dira: futbola, pilota... eta askotan dantzak bigarren planoan geratzen dira.
"Beti joaten nintzen mutilekin entseatzera eta, azkenean, mutilekin dantzan hasi nintzen"
Usatxik belaunaldi ezberdinak elkartzen ditu dantzetan.
Nik uste dut etxean bertan ikasi dugula hori. Pipaon oso txikia da eta, azkenean, gauzak banatu egin behar dira. Lau gauza badaude egiteko denon artean egin behar ditugu. Eta egia da gurasoak eta aiton-amonak dantzan ikusten badituzu, zu ere dantzan hasten zarela.
50 bizilagun dituen herri batean, zer garrantzi du auzotarren parte hartzeak?
Guztiz ezinbestekoa da. Azken urteotan, askotan, aiton-amonak izan dira parte hartu dutenak eta dena egin dutenak. Baina, azkenean, gazteok ez bagara inplikatzen, gauzak galdu egiten dira. Tradizioak, dantzak, galtzea nahi ez badugu, parte hartu behar dugu.
Nola eta noiz berreskuratu ziren Pipaongo dantzak?
1900. urtean dantzatzeari utzi zitzaion. 1907an berreskuratzeko saiakerak egon ziren, baina ez ziren gauzatu: ez zegoen jantzirik, ez musikarik... 1974an, berriz, Patxo Jauregi Pipaonera joan zen dantzak berreskuratzeko asmoz, baina ez zuen herritarren laguntza handirik aurkitu eta bertan behera utzi zuen saiakera. 1976-77 inguruan, berriz, Juan Lauzurika eta Patxo Jauregi hainbat aldiz etorri ziren Pipaonera eta dantzak berreskuratzeko lanean hasi ziren. Pilar Alonso Alondra Alegre de Pipaonen laguntza ere oso garrantzitsua izan zen, baita Gainzarain anaien babesa ere, eta herritar guztiena. Bakoitzak zerbait erakutsi zuen: batek ahapaldi bat, besteak kanta baten doinua, beste batek pauso bat... Guzti horrekin osatu ahal izan ziren dantzak, eta 1981eko abuztuaren 16an, San Roke jaietan, lehen aldiz atera ziren jantzita baina dantzarik egin gabe. Irailaren 14an, herriko jaietan, berriz, lehen aldiz dantzatu zuten jendaurrean.
Jantzi tradizionalak ere berreskuratu ziren?
Bai, eta lan handia izan zen. Jantziak bilatu behar izan zituzten, eta horretan Pilar Alonso eta Peciña aritu ziren. Haiek atera zituzten jantzi guztiak.
Zein dantza berreskuratu dituzu?
Bi kriskitin-dantza daude prozesioetan beti egiten direnak; guk ere horiekin egiten dugu sarrera eta irteera. Tamparrantan makil dantza ere berreskuratu da baita Herrero eta Palos Arriba ere. El Arbol dantza ere badago. Horiek dira antzinatik datozenak eta gaur egun dantzatzen ditugunak. Palos Arriba, adibidez, urte askoan ez zen egin, duela 15-20 urte inguru utzi zitzaion egiteari. Iaz, txikiek lehen aldiz dantzatu zuten herriko jaietan, eta aurten txikien bi taldeek dantzatu dute. Aurten, gainera, antzina egiten saiatu ziren beste dantza bat berreskuratu dugu: El Castillo giza dorrea. Antzina ere egiten omen zen, baina arazoak izan omen ziren eta utzi egin zitzaion.
Txikien taldeaz ere arduratzen zara. Zenbat haur eta gazte daude?
Hogei inguru, bederatzi urtetik hamazortzi urtera arte. Normalean abuztuan egiten ditugu entseguak, plazatxoan, kalean. Badakite arratsaldeko zortzietan entsegua dugula eta bertan izaten dira. Haurrak zoragarriak dira. Etortzerik ez badute, beti idazten edo deitzen didate abisatzeko. Lehen, talde bakarra ateratzen zen soilik, baina pena ematen dit batzuk aulkian geratzea, eta duela bi urtetik dantzan egiten dugunean bi talde oso ateratzen dira, denek parte hartu ahal izateko. Oso polita da txiki eta gazte guztiak dantzan ikustea. Oso erraza da haiekin lan egitea.
Baduzue dantza gehiago berreskuratzeko asmorik?
Gure asmoa Los Oficios makil dantza berreskuratzea da. Nik ez dut inoiz ikusi, baina denek hitz egin didate horretaz. Ea gai garen.
