Euskal Udalekuekin elkartasun jaialdia izango da larunbat honetan Bernedon

Jon Hidalgo 2026ko abuztuaren 27a

Bernedon bertan antolatu dute Euskal Udalekuen aldeko jaialdia. Argazkia: Euskal Udalekuak.

Euskal Udalekuei babesa adierazteko egun osoko egitaraua antolatu dute Bernedon bertan. Jasandako jazarpena salatu eta komunitatea biltzeko aukera izango da, antolatzaileen esanetan.

Larunbat honetan, abuztuaren 29an, Euskal Udalekuen aldeko elkartasun jaialdia hartuko du Bernedok. Aurrera Euskal Udalekuak lelopean, egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek, urte korapilatsuaren ondoren proiektuari babesa adierazteko eta Euskal Udalekuen inguruko komunitatea elkartzeko asmoz.

Aurten ez da udalekurik egin Bernedon, baina Gasteizen egindako agerraldian iragarri bezala, Euskal Udalekuetako kideek herrian bertan antolatzea erabaki dute elkartasun jaialdia. Antolatzaileen esanetan, ekimenak urte osoan jasotako babesari lekua egin nahi dio, jasandako "jazarpen estrategia politikoa" salatu eta proiektua sostengatzen duten pertsona guztiak elkartu.

Egun osoko egitaraua

Jaialdia 14:00etan hasiko da, udalekuaren gunean egingo den bertso bazkariarekin. Bertan ariko dira kantuan Sustrai Colina eta Miren Artetxe. Arratsaldean, 17:00etan, haur eta familien txanda izango da, Porrotx eta Zapotxin pailazoekin. Ordubete geroago, 18:00etan, Elektropottotte kalejira abiatuko da udaleku gunetik.

Eguneko ekitaldi nagusia 20:00etan izango da, Frontoi plazan. Ondoren, 20:30etik aurrera, kontzertuek hartuko dute protagonismoa: Eñaut Elorrieta, Ines Osinaga, Jon Basaguren eta Yogurinha Borova igoko dira oholtzara. Jaialdiari amaiera emateko, 22:30ean, Bele Raven taldearen kontzertua izango da.

Antolatzaileek bi espazio nagusitan banatu dute jaialdia. Lehenengoa "Udalekua" izango da, gune lasaia eta "estimuluetatik aparteko espazioa" gisa definitu dutena. Bertan haurrek, haien erreferentziazko helduek eta behar duen edozeinek erabiltzeko moduko espazioa sortuko dute, jaialdiaren zalapartatik atera ahal izateko.

Bigarren gunea Frontoi plaza izango da. Bertan kokatuko dituzte eszenatokia, txosna eta foodtruck zerbitzua, eta arratsaldeko eta gaueko ekitaldi nagusiak han egingo dira.

Bisitarientzako gomendioak

Jaialdira joateko, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute. Hala ere, bertaratzen direnentzat erabilgarri egongo da Frontoi plazaren ondoko aparkalekua. Era berean, Bernedoko herria ospakizunaren parte izango dela gogorarazi dute, eta bisitariei herriko kaleak, plazak, etxeak eta ingurunea errespetuz zaintzeko eskatu diete.

Ordainketei dagokienez, jaialdian eskudirutan ordaindu beharko da, ez baita txartel bidezko ordainketarik izango. Gainera, parte hartzaileei norberaren edalontzia eramatea gomendatu diete.

Egungo egoera judiziala

Antolatzaileen esanetan, aurten Bernedon udalekuak egiteko aukera bazegoen ere, haurren eta nerabeen ongizatea eta udaldia baldintza egokietan bermatzeko helburuarekin jarduerak Abaigarren eta Goñin soilik egitea erabaki zuten.

Egoera judizialari dagokionez, Euskal Udalekuetako kideek azaldu dute badakitela irailean zenbait adingabe eta begirale deklaratzera deituta daudela, komunikabideetan argitaratu denez, baina oraingoz ez dutela auziaren inguruko informazio gehiago eskuratu ahal izan. Haien hitzetan, ez dute txostena eskuratzeko aukerarik izan, eta horregatik diote gertatutakoa argitu nahi duten lehenak direla, gardentasunez jokatzeko borondatea berretsiz.

Bestalde gogorarazi dute Sarrea elkartea ez dagoela inhabilitatuta eta adierazi datorren udan Bernedon, Abaigarren eta Goñin udalekuak berriro antolatzeko nahia dutela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago