Euskal Udalekuek "kanpaina politiko eta mediatikoa" salatu dute

Jon Hidalgo 2026ko ekainaren 25a

Euskal Udalekuen agerraldia Foru plazan. Argazkia: EKAITZ ANDA

Polemika sortu zenetik lehen agerraldi ofiziala egin dute Euskal Udalekuetako ordezkariek eta babesleek. Bernedoko udalekuak ixteko presioa salatu dute, eta mobilizazioa iragarri dute abuzturako, proiektuaren defentsan.

Euskal Udalekuetako hezitzaile, guraso, haur eta proiektukideek agerraldia egin dute gaur Gasteizen, euren aurkako salaketa kanpaina "manipulatu eta interesatua" salatzeko. Azaldu dute ez dutela jaso hezitzaileen aurkako salaketarik, eta "oinarri juridikorik gabe" debekatu dituela Arabako Aldundiak Bernedoko udalekuak. Presio instituzionala eta mehatxuak ere salatu dituzte, eta abuztuaren 29an jaialdi handi bat egingo dutela iragarri dute.

Agerraldiko lehen zatian, Euskal Udalekuek argitu nahi izan dute azken hilabeteetan hedabideetan zabaldu diren salaketen inguruko informazioa. Urrian adierazi zuten bezala, berretsi dute zuzenean jaso dituzten kexa bakarrak dutxen funtzionamenduarekin lotutakoak izan direla, eta ez dutela jaso hezitzaileek egindako erasoen salaketarik, ezta prozesu judizialik ere. "Ez dugu komunikabideetan hainbeste aipatu den prozesu judizialaren berririk; dakigun bakarra da salatzaileen artean Vox, Hazte Oir, Abogados Cristianos, Manos Limpias eta beste hainbat entitate daudela".

Nabarmendu dute ez direla inongo prozesutan ikertu gisa agertzen, eta horregatik ez dutela informazioa jasotzeko eskubiderik izan. Hala ere, salatu dute hedabideetan "prozesu judizial zabal eta larri baten irudia" zabaldu dela, euren hitzetan "errealitatetik oso urrun". Adierazi dutenez, salaketa horien inguruko berririk jaso ez dutenez, ikasturtea ohiko moduan eman dute udalekuak prestatzen, eta horretan ari zirela heldu da aldundiaren debekua.

Zigor eta presioak

Diputazioak prozedura administratibo bat ireki dio Sarrea Elkarteari, Bernedoko udalekuak antolatzen dituen taldeari, udalekuen jakinarazpen ofizialik ez egiteagatik. Zigor gisa jarri diete isun ekonomikoa eta hiru urtez aisialdi jarduerak antolatzeko debekua. Euskal Udalekuek azaldu dute, aurkeztu ez arren, dokumentazio guztia eguneratuta zutela, begirale tituluak, elikagaien manipulazio agiriak, protokoloak eta delitu sexualen ziurtagiriak. Aldundiaren erabakia epaitegietan errekurritu dute.

Horrez gain, salatu dute Diputazioak ez duela soilik Sarrea elkartea zigortu. "Euskal Udalekuekin zerikusia duen edozein elkarteri" debekatu diote jarduera oro antolatzea Bernedon, "Euskal Udalekuen entramadoa" aitzakia gisa erabilita. Agerraldian ere salatu dute Bernedoko Administrazio Batzarrak, udalekuen etxearen jabeak, jasandako presioa. Adierazi dutenez, aldundiko ordezkariek mehatxu zuzena egin zieten etxearen jabeei: "Bestela, zuen bila joango gara".

Euskal Udalekuek adierazi dute Diputazioaren jarrera "eraso politiko" gisa ulertzen dutela, eta aisialdi hezitzaile euskaldun eta feminista indargabetzeko estrategia baten parte dela. Hala ere, proiektua indartsu mantentzen dutela nabarmendu dute; aurten ere 500 haurrek parte hartuko dute udalekuetan. Haien hitzetan, haur eta gazteak "instrumentalizatu" egin dituzte instituzioek, eta bigarren planoan utzi dituzte haurrak, gatazka politiko baten mesedetan.

Abuztuaren 29an jaialdia Bernedon

Salatutako erasoaren aurrean, erantzuna ere iragarri dute. Abuztuaren 29an jaialdi handi bat egingo dute Bernedon, proiektuaren defentsan eta aisialdi alternatiboaren balioa aldarrikatzeko. Egun osoko egitaraua prestatzen ari dira, jolasak, emanaldiak eta sorpresak iragarri dituzte. "Urte luzeotan Euskal Udalekuen parte izan den oro gonbidatu nahi dugu. Aisialdi eredu honek Euskal Herri osoan duen indarra erakutsiko dugu".

Eskerrak eman dizkiete azken hilabeteetan babesa adierazi dieten herritar, familia eta eragile guztiei. Proiektua euskara, feminismoa eta auzolana oinarri hartuta indartzen jarraituko dutela berretsi dute.

Argazkiak: EKAITZ ANDA / ALEA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago