Bernedoko udalekuetako gertakarien harira salaketa jarritako familiek agiri bat egin dute publiko, eta bertan Bernedoko arduradunei eskatu diete onartzeko udalekuetan gauza batzuk "gaizki egin zirela", eta neurriak hartzeko gertakariak errepikatu ez daitezen. Aldi berean, gaitzetsi egin dute auziak sortu duen lehia ideologikoa, eta haien alaben esperientzia erabili izana "proiektu politiko edo sozialei erasotzeko".
"Hau guztia oso desberdina izan zitekeen", diote Bernedoko amek, eta haien alabei entzun ez izana salatu dute. "Nahikoa zen gure erreklamazioen berri izatean norbaitek gurekin esertzea erabaki izana. Guri entzutea. Zer neurri hartuko ziren azaltzea". Adierazi dute haiek ez dutela ideologia bat salatu. "Gertaera batzuk salatu ditugu eta gure alabak entzutea eskatu dugu".
Haien alaben sufrimendu emozionala eta psikologikoa "benetakoa" izan dela ohartaraztearekin batera, salatu dute entzun behar izan dutela nola eraikitzen ziren gertatutakoari buruzko "kontakizun partzialak", haiek kontuan hartu gabe. Hamar hilabetez "isilik" egon ostean publikoki agertzea erabaki dute, alaben ahotsa bigarren mailan geratzen ari zelakoan.
Eztabaida ideologikotik kanpo
Fokua gertakarietatik aldendu izana salatu dute, "adingabe batzuekiko kezka izaten hasi zena eztabaida politiko eta ideologiko bihurtu da". Argitu dute haietako asko "euskaldunak, feministak eta abertzaleak" direla, eta azaldu dute alabek bizitakoa salatzearekin ez zutela mugimendu politiko baten aurka egin nahi.
Minduta agertu dira "inoiz aukeratu ez dituzten bandoetan" kokatu dituztelako. "Proiektu bat babestearen edo neskei entzutearen artean aukeratu beharko balitz bezala. Bizipen batzuk kontatzeak ideiak edo kolektiboak erasotzea esan nahiko balu bezala".
Hedabideetara joan aurretik emandako pausoak azaldu dituzte. Elkarteari erreklamazio bat aurkeztu zioten, eta jasotako erantzunak "huts egin" ziela adierazi dute. Ondoren hainbat erakundetara jo zutela azaldu dute, tartean Arabako Foru Aldundia, Jaurlaritza eta Emakunde. Arabako Foru Aldundiari izandako jarrera eskertu diote. Eskerrak eman nahi izan dizkiete, baita ere, hamar hilabete hauetan "modu batera edo bestera" haiekin izan diren pertsona guztiei.
Euskal Udalekuen agerraldia
Polemika sortu zenetik lehen agerraldi ofiziala egin zuten joan den astean Euskal Udalekuetako ordezkariek. Bernedoko udalekuak ixteko presioa salatu zuten, eta haien aurkako salaketa kanpaina "manipulatu eta interesatua" gaitzetsi. Adierazi zuten "oinarri juridikorik gabe" debekatu dituela Arabako Aldundiak Bernedoko udalekuak, eta mobilizazioa iragarri zuten abuztuaren 29rako, proiektuaren defentsan.
Azken hilabeteetan hedabideetan zabaldutako salaketak kritikatu zituzten, eta argitu jasotako kexak dutxen funtzionamenduarekin lotutakoak soilik izan zirela. Proiektuaren aurkako erasoak salatu zituzten, eta azaldu "salatzaileen artean Vox, Hazte Oir, Abogados Cristianos, Manos Limpias eta beste hainbat entitate" daudela.