Sarrea Euskal Udalekua elkarteak aisialdi jarduerak antolatzeko debekua jaso zuen, baina orain epaitegiak debekua etetea erabaki du, behin-behinean, kautelazko neurri gisa. Euskal Udalekuen sareko arduradunek eman dute erabakiaren berri, eta adierazi dute, gaur gaurkoz, elkartea "legalki ahalbidetuta" dagoela udalekuak antolatzen jarraitzeko.
Joan den ekainaren 4an jakinarazi zuen Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatuak Bernedoko udalekuak egitea galarazi ziela, bai Sarrea elkarteari eta baita Dorrekoa kultur elkarteari ere, biak Euskal Udalekuen sareko kide. 9.000 euroko isuna eta hiru urteko inhabilitazioa ezarri zizkion Sarreari. Aldundiak "lege-iruzur saiakera" ere egotzi zien, Dorrekoa elkartearen bidez udalekuak antolatu nahi izateagatik.
Euskal Udalekuen antolatzaileek helegitea aurkeztu zuten erabakiaren kontra, eta orain, auzi hori ebatzi bitartean, epaileak salbuespenez bertan behera utzi du inhabilitazioa. Hala ere, antolatzaileek ez dute argi ikusten Bernedoko udalekuak aurtengo udan gauzatu ahalko dituztenik. "Adingabeekin egiten dugu lan, eta gure lehentasuna da haur eta gazteei kalitatezko eta segurtasunezko aisialdia eskaintzea. Herrian alderdi politiko eta komunikabideek izan duten jazarpen jarrera kontuan hartuta, zail ikusten dugu baldintza egokietan udaldia aurrera eramatea", azaldu dute Euskal Udalekuen ordezkariek.