Adinekoentzat egoitza publiko bat eskatu du Mendialdeko Kuadrillak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko martxoaren 31

Mendekotasunen bat dutenak artatzeko egoitza bat eskatu dute Mendialdean. Argazkia: AFA

Kuadrillak azpimarratu du mendekotasuna duten 140 pertsona daudela eskualdean, horietatik 77 maila altu eta oso altukoak, eta 38 plaza baino ez, guztiak pribatuak.

Eskualdean adinekoentzako egoitza publiko bat planifikatu eta gauzatzeko eskatu dio Arabako Mendialdeko Kuadrillak aldundiari. Modu horretan, aurreko asteetan kuadrillako hainbat udalek egindako eskaera berretsi du kuadrillak azken batzar orokorrean.

Izan ere, gogoratu dutenez, Gizarte Politiketako sailak emandako azken datuen arabera, mendekotasun mailaren bat duten 140 pertsona daude guztira eskualdean. Horietatik 77k mendetasun maila altuak edo oso altuak dituzte. Hala ere, eskaintza 38 plazatara mugatzen da, guztiak pribatuak. "Hori gutxi balitz, Arabako bederatzi foru egoitzetatik bat ere ez dago Arabako Mendialdeko Kuadrillan", esan dute.

Biztanleria zahartua

Eskaeran jasotzen den bezala, Arabako Mendialdean bizi diren 3.152 pertsonetatik 823 lagunek 65 urtetik gora dituzte, eta urtetik urtera hazten ari da ehunekoa. "Pertsona horiei arreta emateko plaza kopurua ez da nahikoa, eta horrek ohiko ingurunetik kanpora nahitaez joatea eragiten du", azaldu du Kuadrillak.

Hori dela eta, Arabako Mendialdeko Kuadrillak aldundiari eskatu dio "ahalik eta lasterren" eskualdeko egoitza plazen egungo eta etorkizuneko beharrei buruzko azterlan tekniko bat egin dezala. Era berean, itundutako plaza kopurua berehala handitzeko exijitu du, azpiegitura berria gauzatzen den bitartean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago