Arabako Mendialdeko Kuadrillan adinekoentzako egoitza publiko bat planifikatzeko eta gauzatzeko eskatu diote Arbako Foru Aldundiari Lagrango eta Bernedoko udalbatzek. Ildo horretan, ahalik eta lasterren eta udalekin lankidetzan, Arabako Mendialdeko Kuadrillako plazen egungo eta etorkizuneko beharrei buruzko azterlan tekniko bat egin dezala galdegin dute. Era berean, Arabako Foru Aldundiari eskatu diote itundutako plaza kopurua berehala handitzeko, azpiegitura berria gauzatzen den bitartean.
Urtzi Gaintzarain Lagrango alkateak gogorarazi duenez, eskualdean bizi diren 3.152 pertsonetatik 823 dira 65 urtetik gorakoak. "Urtetik urtera hazten ari den ehunekoa da. Datu horrek agerian uzten du biztanleriaren zahartze prozesuak gora egin duela urtetik urtera. Pertsona horiei arreta emateko plaza kopurua ez da nahikoa, eta horrek ohiko ingurunetik kanpora nahitaez joatea eragiten du", nabarmendu du Gaintzarainek.
Aldundiaren Gizarte Politiketako Sailak emandako azken datuen arabera, mendekotasun mailaren bat duten 140 pertsona daude guztira kuadrillan. Horietatik 77k mendetasun maila altuak edo oso altuak dituzte. Hala ere, eskaintza 38 plazatara mugatzen da, "guztiak pribatuak". Udalen arabera, gainera, "hori gutxi balitz, Arabako bederatzi foru egoitzetatik bat ere ez dago Arabako Mendialdeko Kuadrillan".
Okongo egoitzaren lizitazioa
Bestetik, Bernedoko osoko bilkurak atzera bota du Okongo Andre Mariaren egoitzaren kudeaketa berriro lizitatzeko EH Bilduren proposamena. Alderdi abertzaleak azaldu du 2002ko abenduan sinatutako kontratua dela eta hogei urteko indarraldia zuela. Halere, EAJren udal gobernuak luzapena bidez luzatu da kontratua, "eta luzapen bidez kudeatzen jarraitu nahi du".
EH Bilduk, ostera, kontratua berriro lizitatu eta "egungo premietara" egokitu dadila proposatu du, "baldintza ekonomiko eta juridikoak berrikusiz eta lehia askea bermatuz".
EH Bilduren ustez, egoitzaren kudeaketan egoiliarrak zentroan egon behar dira eta horretarako txosten juridikoaz gain, gizarte langilearen aurretiazko txostena beharrezkoa da zerbitzua benetako beharretara egokitu ahal izateko. Era berean, instalazioen egungo egoeraren inbentario tekniko xehatua egitea, haien kontserbazio egoera egiaztatzea eta berriztapen premia posibleak detektatzea jarri da mahai gainean. EH Bilduk nabarmendu du beharrezkoa dela egoitzan lan egiten duten pertsonen lan baldintzak ere bermatzea, klausula sozialak txertatuta.