Araban boilurraren ehiza edo bilketan aitzindaria izan den Joaquin Pueyo aragoiarraren gaineko dokumentala egiteko proiektua aurkeztu du Amalur elkarte etnografikoak, eta egitasmoa jendaurrean aurkezteko abaguneaz baliatu dira ere Pueyo omentzeko.
Joan den larunbatean egin diote omenaldia Santikurutze Kanpezun, besteak beste, Nekazaritza diputatu Noemi Agirre egon dela. Pozaren pozez dago elkarteko kide Arturo Martinez bertan izan den giroarekin. "110 lagunentzako aulkiak jarri ditugu, eta lekua bete egin da", poztu egin da. "Gainera, oso hunkigarria izan zen".
Ogibideak eraman zuen Martinez gaiarekin topo egitera, Gasteizko Aiztogile kalean dagoen bulegotik hainbat urte daramatzalako bisita turistikoak egiten Guiartu markarekin.
Txema Martinez de Antoñana eta Igor Zubizarreta boilur biltzaileak adiskide izanik, Martinezi otu zitzaion interesgarria izan ahal zela boilurrak hartzen diren tokietara bisita gidatuak antolatzea. "Mendialdean kondairak eta ahoz ahoko kontakizunak zeuden mendietara joaten ziren kanpoko beltzezko gizon edo katalan batzuen inguruan", gogora ekarri du 1950eko hamarkadaren amaieran eta 1960koaren hasieran sortu ziren istorio horiek. "Agian janzteko beren moduagatik edo boilurraren inguruan egon ohi den misterioagatik, hala deitzen zieten", azaldu du geografoa eta turismo teknikariak. "Katalan izendapenari dagokionez, arraro hitz egiten zutela esaten zuten, edota ez zutela nahi besteek haiek esaten zutena ulertzea. Are, hasieran gizon horiek esaten zuten enpresa farmazeutikoentzako sustraiak biltzera etortzen zirela hona".
Bisita gidatuak
Hala, "bisitak taxuz prestatu ahal izateko", gizon horien inguruan ikertzeari ekin zion, eta horrek Arabako Artxibo Historikora eraman zuen. Bertan aurkitu zuen 1964ko agiri bat, eta horri esker Martinez jabetu zen istorio horien atzean benetako istorio bat zegoela. "Bi izen aurkitu nituen, eta horietako baten alargunarekin hitz egitea lortu nuen". Andreak esan zion bai senarra zein bestea hilda zeudela. Dagoeneko telefonoa eskegitzear zela iritsi zitzaion, ordea, ezusteko ederra, andre horrek erantsi ziolako bazegoela oraindik bizirik zegoen hirugarren pertsona bat: Joaquin Pueyo.
Hala, elkarteko kideek Katalunian beharrean Barbastron (Huesca) topatu zuten beltzezko gizon horietako bat. "89 urte zituen harekin hitz egin nuen lehen aldian; Zubizarreta eta biok lehen bisita bat antolatu genuen, Joaquin ezagutzeko, eta ikusi genuen bai haren bizitza bera zein boilurrarekiko lotura dokumental batean jasotzea merezi zuela".
Boilurrik onena
Kideekin batera, Pueyo 35 urtez Mendialdera joan zen, lurpean hazten den altxor txiki honen bila. Guadalajarako zenbait zonalde alde batera utzita, berak dio Araban aurkitu duela basa boilurrik onena. "Onddo hau aurkitzeko mendirik onenen artean Mendialdekoak daudela esan zigunean, pentsatu genuen erakundeei kontatu behar geniela hau, eta horren inguruan zerbait egin".
Hurrengo pauso logikoa ikus-entzunezkoen profesionaletara jotzea zen, eta horrela aurkitu zuten Madrilen Miguel Hernan errealizatzaile eta dokumental zuzendaria. Hari esker, Pueyori lau orduko grabaketa egin diote jada Barbastron bertan, eta Mendialdean hainbat irudi hartu dituzte ere, baina oraindik material gehiago grabatu behar dute, Arabako boilurraren historia kontatu ahal izateko. Donde duerme la trufa izena eman diote osatu asmo duten dokumentalari, eta, Jaurlaritzaren zein aldundiaren laguntza lortuta ere, oraindik finantziazio gehiago behar dute. Egitasmoa gauzatu ahal izateko, Verkami plataforman mikromezenasgo bat abiatu dute —plataforman, dokumentalaren izenburua idaztea da erarik azkarrena aurkitzeko—.
Dokumentalaren teaser edo aurrerapena aurkeztu eta aurreko egunean, ostiralean, Pueyoren bisitaz baliatu dira beltzezko gizon horiei 35 urte baino gehiagoan afaria jarri zien Laura Gomez de Segura Quintana Lauri sukaldariarekin topaketa bat antolatzeko. "Boilur bila joaten zirenean, orain desagertu den El Casino ostatuan hartzen zuten aterpe. Topaketa oso hunkigarria izan da", esan du Martinezek. Horrez gain, larunbatean, omenaldiarekin batera boilurra ehizatzeko erabiltzen den moduaren gaineko erakustaldi bat antolatu dute.
Artxiboen garrantzia
Istorio hau aurkitzeko modua ere azpimarratu nahi izan du Martinezek. "Kondairak eta kontakizunak garrantzitsuak dira, baina askotan ahazten zaigu artxiboak ere nahitaezkoak direla. Hautsez betetako biltegiak izanda ere, horiei tiraka istorio eder asko berreskuratu daitezke", aldarrikatu du, ikerketa eta ondorengo dokumental haien abiapuntuan agiri bat eta bi izen baino ez daudela gogora ekarrita.
Modu berean, testuinguru geografikoaren garrantzia ere nabarmendu nahi izan du Martinezek. "Izan ere, hau bezalako ideiak landa eremuan sortzen dira, eta askotan eskualde horiek ahaztuta geratzen dira".