Arabako Mendialdean errepideak garbitzen dituzten traktoreak ez dira atera

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko azaroaren 21a

Erroeta herriaren gaurko irudia. Argazkia: ACOA/AKE

Arabako Mendialdeko Kuadrillak ohartarazi du traktoreek ez dituztela eskualdeko errepideak garbituko, eta ibilgailuaren erabilera mugatzeko eskatu du.

Lehen elurtea larria izaten ari da Arabako Mendialdeko bizilagun ugarirentzat. Izan ere, herrien arteko bigarren mailako errepideak garbitzen dituzten traktoristek uko egin diote lan hori egiteari Arabako Foru Aldundiak lan baldintzak hobetzen ez dituen bitartean.

Egoera horren aurrean, Arabako Mendialdeko Kuadrillak eskatu die herritarrei kontu handiarekin ibiltzeko eta ibilgailuaren erabilera mugatzeko. Era berean, lan horiek egiteko prest dauden beste pertsonei dei egin die Arabako Mendialdeko Kuadrillarekin harremanetan jartzeko.

Kuadrillako presidenteak azaldu duenez, Arabako Foru Aldundiari dagoeneko helarazi dizkio errepideen mantentze eta garbiketa lanak egiten dituzten eta neguko bide zerbitzuak bermatzen dituzten langileen eskaerak. Izan ere, azken batzarrean erabaki zuten eskaera horiek helaraztea eta babestea.

Horien artean bi nabarmentzen dira: batetik, norberaren kalteen aseguruen kostuak estaltzeko formulak aztertzea, eta, bestetik, larrialdi aldietan, nahiz eta errepidera irten ez, traktoreen hortzak lotzeko eta askatzeko orduak ordaintzea.

Aste honetan bertan aldundiak erantzun du zailtasunak daudela eskaera horiei erantzuteko, eta etorkizunerako irtenbide posibleak aztertzen ari direla. Traktoristek zerbitzu hori emateari uztea erabaki zuten orduan.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago