⛅ EGURALDIA

Lau mendate itxita hasi da eguna

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 21a

Argazkia: ARITZ MARTINEZ DE LUNA / ALEA

Elurteak lehen ondorioak sorrarazi ditu Arabako errepideetan.

Opakua, Herrera, La Tejera eta Altubeko mendateak itxita hasi da ostirala —08:30—, eta beste lau mendatetan kateak edo negu gurpilak nahitaezkoak dira: Gasteiz, Bernedo, Zaldiaran eta Urduñan.

Ohi bezala, errepideen gaineko informazio eguneratua dago uneoro aldundiaren web orrialdean eta Jaurlaritzarenean. 945217272 telefonoa ere eskura dute gidariek.

Elur kota 400 metroren bueltan egongo da egunaren hasieran, baina amaierarako 700-800 metrora egongo dela espero du Euskalemetek. EAEko agentziak abisu horia eman du Araba osorako; AEMETek, berriz, alerta laranja eman du, Arabako Errioxarako ezik. Zaparrada txiki ertainak botako ditu, eta, elurraz gain, izotzari ere adi egon beharko zaio. Eolo iparraldetik ariko da, ahul-bizi. -2 eta 4 gradu arteko alde termikoa espero da.

Asteburuari begira, larunbat goizalderako kota 700-800 metro ingurura igoko delakoan dago AEMET, eta egunak aurrera egin ahala elurrak desagertzera egingo du. Zeru oso hodeitsu edo estaliak izango ditugu, -2 eta 8 gradu arteko aldearekin. Arratsalderako euria egin dezake, eta giro euritsu hori mantendu daiteke igandean ere. Ordurako, osterantzean, tenperaturak zertxobait epelduko dira, Gasteizen 4 eta 13 gradu artean geratuz.


Adi-adi dagoenez, Toni La Sal Txikik ere eman du iragarpena, aldundiaren mapan faltan den eskualdetik, hain zuzen ere: Trebiñutik, zuzen-zuzenean : )

Bideoa: TONI LA SAL (ANTTON BASTERO)

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago