Izkik Starlight ziurtagiria lortu du

Juanma Gallego 2025eko irailaren 29a

Besteak beste, astronomia hezkuntzarako baliabideak aintzat hartzen ditu ziurtagiriak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Argi kutsaduratik babestuta egonez, astronomiaz edo zeru gardenez gozatzeko moduko helmugatzat hartuko da zaletuen artean.

Turismo astronomikoaren alorrean zeru gardenez gozatzeko gutxieneko baldintzak bermatzen dituen Startlight helmuga ziurtagiria eskuratu du Izkiko Parke Naturalak.

Ziurtagiria eskuratzeko zeruaren kalitatea, ingurumen hezkuntzarako dagoen eskaintza eta ingurumenari lotutako bestelako ezaugarriak aintzat hartu dituzte. Horrez gain, bermatu behar da astronomia edo zeru izartsuen behaketarako baliabideak eskaintzen dituela aukeratutako helmugak.

Izkiko parkearen kasuan, aldundiaren laguntzarekin La Otra Mitad astronomia elkarteak Korresen kudeatzen duen Behatokizki behategia da baliabide nagusia. Horri gehitu behar zaizkio Mendialdean diren behatoki astronomikoen sarea , gehienak baselizen inguruan kokatutakoak: Iturrieta Gaina, Haraneko Santa Teodosia, Larrauriko Ama Birjina, Uribarri Haraneko Andra Mari, Urarteko Larrauri, Korresko Haitzeko Birjina, Fresnedoko ibai igerilekuak, Urizaharreko Peña Hueca/Baroja-Lotz eta Lagrango San Bartolome.

Ziurtagiria lortzeko auditorian kontuan hartu diren bestelako ezaugarriak izan dira ostatuen eskaintza, bisitarientzat eskura daudena dauden behaketarako bitartekoak, interpretazio astronomiko egiteko gai diren langileen prestakuntza. Susana Malonek gidatzen duen Lumínica Ambiental enpresa arduratu da ziurtagiriaren kudeaketaz. Aldundiak zuzenean esleitu dio kontratua, 12.705 euroren truke. NextGenerationEU funtsen bidez finantzatu dute ekimena.

Ohar batean, aldundiak aurreratu du datozen hilabeteotan natura parkeak lan plan batean beste hainbat neurri jaso beharko dituela. Besteak beste, inguruko herrietan argiztapen jasangarriagoa paratu beharko dute.

"Izkiko parke naturalak erakargarriago egiten ditu bertako paisaia eta biodibertsitate bikainak, eta ikuspegi berri bat gehitzen dio bere hezkuntza eta turismo eskaintzari, bere gaueko zerua estandarte berri gisa hartuta" nabarmendu du Saray Zarate Ekonomia diputatuak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago